Kantauriko arrantza sektorea Donostian bildu da arrantzaren etorkizuneko gai nagusiak jorratzeko

Kantauriko Arrantzako Ekoizleen Antolaketa Elkarteak (OPPs Cantrábrico) «Kantauriko Jardunaldia» izeneko topaketa egin du gaur. Bertan, arrantza-sektorearen iraunkortasuna bultzatzen duten eta haren jarduera errazten duten gaiak jorratu dira, hala nola lehorreratzeko betebeharra, arrantza-ontzidian harrapaketak eskala txikian jakinaraztea, monitorizazio elektronikoa eta arrantza-kudeaketa jasangarria.

Ekitaldia Donostiako Kofradia – Itsas Etxean egin da, eta elkarteak egiten duen lehena da. Helburua da elkartekide guztiak behar bezala informatuta edukitzea sektorean aplikatu beharreko azken joerei buruz, lehorreratzeko betebeharra betetzeari buruzko ezagutzaren sustapenari buruz eta arrantza jasangarrirako lankidetzari buruz.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak hasiera eman dio jardunaldiari, eta aztertu beharreko gaien garrantzia azpimarratu du, arrantzaren sektorearen etorkizuna iraunkortasunaren eta errentagarritasunaren mende baitago, eta ontzidien belaunaldi-aldaketa ziurtatuko baita. «Horretarako, Kantauriko Arrantzako Ekoizleen Antolaketa Elkarteak autonomia-erkidegoen artean eskaintzen duen lankidetzak elkartekideen onerako diren baterako jarduerak garatzen laguntzen du. Hori dela eta, administrazioetatik horrelako elkarteak indartzen jarraituko dugu, arrantza-eskubideak defendatzeko, azpiegiturak hobetzeko, sektorearen merkaturatzea bultzatzeko eta ontziteria gaitzeko prozesu berriak garatzeko» – adierazi du Orozek.

Kantauriko Arrantzako Ekoizleen Antolaketa Elkartea Estatuko lehenengo AOPa da, 2011ko otsailean sortua, eta helburu nagusia da arrantzaren zentzuzko jarduna bermatzea ur-baliabide bizien ustiapen iraunkorraren bidez, garapen jasangarriaren testuinguruan, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-alderdiak modu orekatuan kontuan hartuko dituena, bai eta ekoizpenaren salmenta-baldintzak hobetzea ere.