Urkullu BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak sarien banaketan izan da

Lehendakariak ziurtatu du Euskadik eragile aktibo izan nahi duela mundu mailako trantsizio-prozesuan eta ezagutzaren mugak ezagutu nahi ditugula. Gaur arratsaldean, BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak sarien XIV. edizioaren banaketan izan da Iñigo Urkullu. Sari horiek bikaintasun zientifikoa eta kulturala aitortzen dute mundu mailan.

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian Idoia Mendia, Arantxa Tapia, Pedro Azpiazu eta Gotzone Sagardui sailburuak ere izan dira.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie aurtengo saridunei, egin dituzten lan eta ikerketengatik; izan ere, azaldu duenez, ziurgabetasuneko, aldaketako eta trantsizioko garai hauetan, aukerak eta etorkizuneko konponbideak eskaini dizkiote gizateriari. Era berean, harro agertu da Euskadi Basque Country delako horien lanen aintzatespena munduari aurkezteko oinarria. Eskerrak eman dizkie, halaber, denok argitzeagatik, laguntzeagatik eta jakintzaren, zientziaren eta kulturaren bidean animatzeagatik. Saridunen ezagutzak gure etorkizuna argitzen duela esan du.

Hitzaldiaren beste une batean, Euskadi zientzian, ezagutzan eta kulturan inbertitzen duen herrialde bat dela ziurtatu du, eta gogorarazi du Europar Batasunak berrikuntzako bikaintasun-polo gisa aitortu duela Euskadi.

Azpimarratu duenez, ez dugu galdu ezagutzeko ilusio hori, jakiteko jakin-min hori, hazteko anbizio hori. Giza Garapen Iraunkorraren etengabeko bilaketa hori.

Ezagutzaren Mugak sariak

Ezagutzaren Mugak sariek zientzian, artean eta humanitateetan eragin berezia duten ekarpenak aitortzen eta sustatzen dituzte.

Hona hemen aurtengo saridunak: Charles Fefferman (Princeton-go Unibertsitatea) eta Jean-François Le Gall (París-Saclay Unibertsitatea), Oinarrizko Zientzietan; Katalin Karikó eta Drew Weissman (Pennsylvaniako Unibertsitatekoak biak) eta Robert S. Langer (Massachusetts-eko Teknologia Institutua) Biologia y Biomedikuntzan; Judea Pearl (Kaliforniako Unibertsitatea Los Ángeles-en), Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan; Lenore Fahrig (Carleton-go Unibertsitatea), Simon Asher Levin (Princeton-go Unibertsitatea) eta Steward T. A. Pickett (Ekosistemen Ikerketen Cary Institutua), Ekologian eta Kontserbazioaren Biologian; Ellen Mosley-Thompson eta Lonnie G. Thompson (Ohio-ko Estatu Unibertsitatekoak biak), Aldaketa Klimatikoan; Matthew O. Jackson (Stanford-eko Unibertsitatea), Ekonomia, Finantza eta Enpresen Kudeaketan; Mark Granovetter (Stanford-eko Unibertsitatea) Humanitate eta Gizarte Zientzietan (oraingo edizioan Gizarte Zientzien arloan erabaki da); eta Philip Glass estatubatuarra, Musika eta Operan.