Ertzaintzak Bizkaiko eta Arabako Burdin Hesiaren espoliazio arkeologikoan ari zen talde kriminal bat desegin du

Ertzaintzak Bizkaiko eta Arabako Burdin Hesiaren espoliazio arkeologikoan ari zen talde kriminal baten kontra jardun du, eta hiru pertsona ikerketapean geratu dira Euskadiko Ondare Historikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Aztarna historiko ugari berreskuratu dituzte eta ikertuek aztarna horiek lurpetik legez kanpo ateratzeko ustez erabiltzen zituzten tresnak eta metal-detektagailuak konfiskatu dituzte. Gainera, egindako ikerketei esker ikertuetako batek aurkitu zuen eta jakinarazi ez zuen Gerra Zibileko granada bat aurkitu eta indargabetu ahal izan dute.

Ikerketari 2022ko ekainaren hasieran ekin zitzaion, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren arduradunek Gasteizko Ertzain-etxean salaketa bat jarri zutenean espoliazio arkeologikoaren ustezko delitu batengatik.  Salaketa horren bidez, Ertzaintzari jakitera eman zioten sare sozial ezagun bateko kontuan “harrokeriaz” argitaratzen ziren argazki eta bideoetan hainbat pertsona ikusten zirela lursailetan, kobazuloetan, Gerra Zibileko egituretan eta beste hainbat lekutan metal-detektagailuekin prospekzioak egiten. Metalezko objektua aurkitzen zutenean, pertsona horiek katak egiten zituzten indusketa-tresnekin, eta lurpetik era guztietako metalezko hondarrak ateratzen zituzten eta, bilduma osatzeko asmoz edo, eurentzat hartzen zituzten.

Gertaerak konplexuak eta larriak zirenez, salaketen kargu Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusia, zehazki Ingurumenaren eta Hirigintzaren eta Ondarearen ataletako agenteak, Kultura Ondarearen aurkako delituak ikertzen adituak direnak, egin ziren.

Salatutako kontuaren gainean egindako ikerketen bidez ikertutako pertsona horiek administratutako beste sare sozial batzuetako profiletara iritsi ziren, eta guztiak legez kanpoko ustezko jarduerak argitara emateko bakarrik sortuta zeudela jakin zuten. Ikus-entzunezko material horren guztiaren analisiaren bidez lortutako arrastoei esker, ikertzaileek jakin ahal izan zuten talde kriminal bat interes historikoa eta arkeologikoa zuten aztarnak espoliatzen ari zela, besteak beste, balak, zorroak, obusen zatiak, identifikazio-planak, txanponak, dominak, hebillak, erlojuak, eta abar. Metalezko ebidentzia militar eta pertsonal horiek ikusita, eta ustez espoliatutako lekuetako batzuk Gerra Zibileko agertoki posibleak zirela identifikatu ondoren, Ertzaintzako ikertzaileek susmatu zuten Bizkaiko eta Arabako Burdin Hesiaren eta defentsen espolizazio-ekintzak izan zitezkeela. Burdin Hesia eta defentsak 2018tik ditu babestuta Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun gisa, Monumentu Multzoa kategorian, eta bertan erabat debekatuta dago dagokion baimenik gabe detektagailuak erabiltzea.

Gainera, ikerketan zehar hauteman zuten ikertutako pertsonetako batek sare sozialetan argitaratutako argazki batzuetan eta bideo batean kobazulo batean egindako aurkikuntza baten irudiak erakusten zituela; dirudienez granada bat zen, eta arduragabekeriaz manipulatu ere egin zuen argazkirako “posatzeko”. Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko (UDE) adituek adierazi zuten irudietan agertzen zen objektua “argi eta garbi eta zalantzarik gabe” Gerra Zibilean erabilitakoen moduko eskuko granada bat zela, eta oso hondatuta zegoela eta “oso arriskutsua” zela. Dagozkion frogaketak egin ondoren, egiaztatu ahal izan zuten aurkikuntzaren berri ez ziotela eman ez 112-SOS Deiak zerbitzuari ez agintaritza eskudunari.

“Eztanda” operatiboa martxan jarri zen Dimako kobazulo batean

Egindako ikerketen bidez jakin ahal izan zuten granada horrek aurkitutako leku berean jarraitzen zuela, hau da, Bizkaiko Dima herriko Oba mendian dagoen kobazulo batean. Gertakari larriak zirela eta pertsonen integritaterako arriskutsua zela kontuan hartuta, Ertzaintzako Atal Nagusiak “Eztanda” izeneko polizia-operatibo bat planifikatu eta lideratu zuen, Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko (SICTB) eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko agenteek lagunduta.

Operazioa 2022ko ekainaren 9an gauzatu zen bi fasetan: lehenengo, ikertzaileak eta lehergailuak indargabetzeko agenteak Dimako kobazulora joan ziren, eta teknikariek granada kontrolatuta inertizatu zuten. Gero, Ugao-Miraballesen dagoen nabe batean sartu eta miaketa egin zuten, eta metal-detektagailuak, indusketa-erremintak eta Gerra Zibileko ebidentzia arkeologikoak aurkitu zituzten, bai eta garai ezberdinetako txanpon, tresna, erreminta eta beste hainbat objekturen bilduma ere.

Polizia-eginbideak ikerketaz arduratzen ari den Bilboko 6. Instrukzio Epaitegira bidaliko dituzte, eta atzemandako aztarnak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzura igorriko dituzte, espoliatutako piezen ezaugarriak, jatorria eta garrantzi historiko eta kulturala zehaztuko duen dagokion peritu-txostena egin dezan.

Ertzaintzaren gomendio garrantzitsuak

Ertzaintzatik gogorarazten dute Euskadiko Kultura Ondarearen Legeak debekatu egiten duela Foru Aldundiaren baimenik gabeko edozein esku-hartze arkeologiko, bai eta Kultura Ondasunetan, halaxe izanik Bizkaiko eta Arabako Burdin Hesia eta defentsak, metal-detektagailuak erabiltzea ere, eta eskatzen du, susmo txikiren bat izanez gero, 112ra deitu eta halako egoren berri emateko. Azkenik, gogorarazten da partikular batek aztarna arkeologikoak halabeharrez aurkitzen baditu, ez dituela jaso behar, berehala eman behar diola aurkikuntzaren berri udalari edo foru-aldundiari, aztarnak metodologia arkeologikoa erabiliz jaso ahal izan ditzaten.

Azkenik, gogorarazten du edozein pertsonak berehala deitu behar duela 112ra Gerra Zibileko lehergailu bat halabeharrez aurkitzen badu; izan ere, aspaldikoa izanda ere min egiteko arriskua du oraindik ere. Alde horretatik, gogoratu behar da 2014an partikular batek hanka galdu zuela Muskizeko (Bizkaia) bere baserrian gordeta zituen Gerra Zibileko 400 obusetako bat indargabetzen ari zenean, eta 2021ean beste herritar bat larri zaurituta geratu zela Okondoko (Araba) bere etxean, operazio honetan neutralizatu ahal izan denaren atzeko granada bat manipulatzen ari zenean.