Lan eta Enplegu Sailak logistikaren sektorerako langileak kualifikatzea aztertu du Arabako Merkataritza Ganberarekin

Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmen bat onartu du gaur Arabako Merkataritzako, Industriako eta Zerbitzuetako Ganberarekin, Arabako Lurralde Historikoan logistikaren sektorerako langileak prestatzeko eta gaitzeko proiektu bat diseinatzeko, Bizkaia eta Gipuzkoari begira.

80.000 euroko zuzkidura izango du, eta Idoia Mendia lehendakariordeak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailaren bidez gauzatuko da. Akordio horren bidez, Arabako Ganberak logistika-sektorearen egoera eta eremu horretako prestakuntza-eskaintza aztertu nahi ditu, sektoreak prestakuntzaren arloan dituen beharrak hauteman, eta langileen kualifikazioari buruzko proposamen espezifiko bat egin.

Logistikaren eta garraioaren sektorea jarduera ekonomiko estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta pandemiaren aurretik eta pandemiak iraun duen bitartean, maila sozioekonomikoan eta enplegu-mailan kritikoa dela frogatu da, komunikazioen eta salgaien fluxuaren lotune gisa.

Lan eta Enplegu Saila, 2020-2024 legegintzaldiko programaren esparruan, enplegua sustatzeko ekimen ugari bultzatzen ari da, bai landunentzat, bai langabeentzat. Programa horiek pertsonen eta enpresen beharrei erantzuten diete, lehenengoen enplegagarritasuna eta jarduera ekonomikoen lehiakortasuna handitzeko, kualifikazioa hobetuz.