Zarauzko Udalak bat egiten du garraio publikoaren deskontua finantzatzeko hitzarmenarekin

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) ostegunean ospatutako batzarrean aho batez onartu zuen Estatuko Gobernuak planteatutako garraio publikorako deskontuarekin eta, Zarauzko Udalak, bat egin du.

Hala, MUGI txartelaren erabiltzaileek 2022 urteko irailaren 1etik abenduaren 31era bitartean %50eko deskontu gehigarria izango dute. Gainera, zarauztarrek eta bisitariek deskontu honetaz gozatzeko aukera ere izango dute Zarauzko hiribusa edo trena hartzen dutenean.
Hitzarmen honetara atxikituaz, Zarauzko Udalak behin-behineko deskontu honen kostuaren %10a hartuko du bere gain.

Iker Basurkok (EAJ-PNV), Zarauzko Udaleko ordezkaria GGLA-an, adierazi duenez “gure herritarrei zuzendutako edozein deskontu interesgarria da garai hauetan eta, Zarauzko Udaletik, honek eskatzen duen esfortzu ekonomikoa egiteko eta neurri hau aplikatzeko prest gaude. Hala ere, egia da denbora gehiago izan bagenu, proposamen landuago bat aztertzeko aukera izango genukeela, guztion artean”.

Bestalde, Zarauzko Udalean Herri Mugikortasun Plan Jasangarria eta Zarautz 2030 Plan Estrategikoa lantzen ari da Udala eta, Basurkok adierazi duenez “hitzarmen hau aukera paregabea da egungo garraio publikoko erabiltzaileek deskontu honetaz baliatzeko, baina, baita, erabiltzaile ez direnei pausoa ematera bultzatzeko. Izan ere, guztiok irabazten dugu ibilgailu pribatuen isurketa kutsakorrak murriztuz”.

MUGI sisteman % 50eko deskontu horiek aplikatzeari dagokionez, garrantzitsua da nabarmentzea egungo MUGIko ohiko deskontu-politikari gehituko zaiola. Horrela, bada, lehen bidaia-tartean (hileko 1-20 bidaia tartean), % 48ko deskontu orokorra % 74ra arte zabalduko da, urteko azken lauhilekoan. Bigarren bidaia-tartean (21etik 50erakoan), deskontua % 58tik % 79ra pasatuko da. Azken tarteari dagokionez (51 bidaia edo gehiago egitean), beherapenaren ehunekoa % 90etik % 95era igoko da.