Elikak zenbatu egin du Euskadiko elikagai-xahuketa

Duela gutxi egindako azterlan batean, Elika Fundazioak (Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa) ondorioztatu du Euskadin 311.588 tona elikagai galtzen direla urtean, eta kopuru horren % 28 gutxienez elikagaien zati jangarria dela. Beste era batera esanda, Euskadin, pertsona bakoitzak urtean gutxienez 40 kilo janari xahutzen ditu.

Azterlanak sakon aztertu du elikagaien xahuketaren neurketa, metodologia- eta definizio-zailtasunak alde batera utzi gabe, baina jakitun da ezinbesteko urratsa dela egoera ezagutzeko eta hobetzeko ekintzak antolatzeko.

Elikak elikadura-kate osoan jarri du arreta, eta nabarmendu du Euskadin alferrik galtzen den elikagaien % 44,7a etxebizitzetan gertatzen dela, % 23,8a, gutxi gorabehera, elikagaien manufakturetan eta % 20,4a, Horeca kanalean (hotelak, jatetxeak, tabernak, katering…).

Estrapolazio bidezko kalkuluaren arabera, Euskadiko batez besteko familia bakoitzak 159,4 kilo alferrik galtzen ditu urtean, eta horietatik 38,7 kilo gutxienez jangarriak dira (kontuan izan behar da hezurrak, larruak, arrautza-oskolak eta abar janari hondakinak direla baina ezin direla jan).

Elikagaiak xahutzeko arrazoi nagusiak platereko hondarrak dira ( % 30), ondoren hozkailuan ahaztutakoak ( % 19), aprobetxatu gabeko elikagaien zatiak ( % 16), iraungitako elikagaiak ( % 13), elikagaien kontserbazio txarra ( % 12) eta beste batzuk ( % 10).

Azkenik, azpimarratu behar da etxebizitzek sortutako elikagai-hondakinen % 60 hondakin-frakzioaren zabor-edukinontzira (edukinontzi grisa) botatzen direla, eta ez bilketa organikora, izan beharko lukeen bezala.

Datu horiek erakusten digute hobetzeko tarte handia dagoela elikagaiak erostean, kontserbatzean eta hobeto eta modu eraginkorragoan erabiltzean eta, jakina, hondakinak kudeatzean.

Elikagaien xahuketa lehen mailako arazoa da, eta Europar Batasunean kezka sortzen du. Kontuan izanda iaz planetako 700 milioi pertsonak goseari aurre egin ziotela, elikagaiak xahutzearen bidegabekeria nabarmenari ingurumen-, ekologia- eta ekonomia-arazoak gehitu behar zaizkio. Elikagaien ekoizpenean dirua eta baliabideak (ura, lurrak, elikagaiak, energia…) inbertitzen dira, eta hondakinak ere sortzen dira (CO2, mindak, olioak…), baina, gainera, hondakin bihurtzen diren elikagaiek beste arazo bat sortzen dute, ingurumen- eta ekonomia-inplikazio argiak dituena.

Gure esku dago egoera aldatzen laguntzea

Sartu azterlanera