Industrias GOL enpresak balio erantsi handia duten automobilentzako finkatze-piezak fabrikatzen ditu

Industrias GOL 1971n sortutako enpresa da, eta finkatze-piezak hotz-estanpazioaren bidez fabrikatzen espezializatua dago, batez ere automobilgintzaren sektorerako. Hiru produkzio-planta ditu, bat Soraluzen, beste bat Berrizen eta beste bat Brasoven (Errumania), eta guztien artean 220 profesional inguru batzen dute. 2015etik, enpresa Global Seoul Metal Taldeko (GSM) kide da. Multinazional horrek 1.000 langile inguru ditu mundu osoan zehar banatuta, eta 130 milioi euroko fakturazioa urtero.

Enpresaren ekoizpena honela banatzen da: % 35 merkatu nazionalean, % 60 merkatu europarrean eta gainerako % 5a NAFTA merkatuan. 2017an, Mexikon duen presentzia indartzeko, Basque Trade and Investment erakundeak Mexikon duen bulegoarekin elkarlanean aritu zen enpresa gipuzkoarra.

RumaGOL izeneko lantegia Brasoven (Errumania) 2008an sortu zen, Industrias GOL Alfa Taldeko kide zenean, Europako ekialdean bezeroengandik gertuago egoteko helburuarekin. Gaur egun, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Hungarian edo Polonian lantegiak dituzten enpresa korearrekin lankidetzan aritzeko aukerak eskaintzen ditu planta horrek.

GOLen helburuetako bat da etorkizun handiko merkatu batean gero eta presentzia handiagoa izatea, hala nola auto elektrikoan. I+G lanak egin dira baterietarako piezekin, eserleku berriekin, motor elektrikoekin… “Koreako enpresekin sinergiak dituen enpresa izanik, merkatu-nitxo berri honetan sartzeko aprobetxatu genituen, bateriak egiten dituzten enpresa asko korearrak baitira. Samsung edo LG bezalako bezeroentzako lanak egin ditugu, eta ibilgailu elektrikoetan dauden piezak ere baditugu, hala nola Tesla”, Seung Woo Han Industrias Gol enpresako zuzendari gerenteak nabarmendu duenez.

Gainera, Industrias Gol enpresak I+G sail bat du merkatuaren beharrak asetzeko eta, horrela, kalitate-maila altuenak lortzeko. “Konpainiaren berrikuntzaren aldeko apustua argia da; prozesuaren berezko diseinua, balioa ematen duena, eta bezeroen premiei ondoen erantzuten diena.”

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.