Javier Hurtado sailburuak merkataritzak gure kaleen dinamizazioan eta hiri-kohesioan betetzen duen funtsezko zeregina nabarmendu du

Aurkeztu da 2022ko udazkeneko/neguko San Sebastian Moda Festival jaialdia, eta aurkezpen horretan Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak parte hartu du. Jaialdi horren bidez, Gipuzkoako hiriburua euskal modaren erdigune bihurtuko da berriro ere. Jaialdiaren esparruan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko Moda Sarien banaketa sustatu du, ehungintzako diseinuaren eta merkataritzaren arloko profesionalen lana aitor dadin. Aurten Amaia Kids, SKFK eta Sophie et Voilá saritu dituzte.

Sailburuak aditzera eman duenez, sari horien bidez, ibilbide profesionala, jasangarritasuna eta nazioarteko hedapena aintzatesten dira, merkataritza sendo eta berritzailearen garapenean funtsezko ardatzak diren heinean. Izatez, bost belaunaldiz osatutako mosaiko-gizartea ezaugarri duen eredu berri honetan, askotariko kanalak erabiltzen dituen eta jasangarritasunarekin kontzientziatuta dagoen kontsumitzaile berri baten ohitura berriei erantzun behar zaie. “Erronka horiei eta beste erronka batzuei erantzuteko gai izan behar dugu, eta, hartara, merkataritzari krisialdiaren ondorengo susperraldian lagundu behar diogu, baita eredu berri baterako trantsizioan ere. Izatez, trantsizio horri lehendik ere aurre egin behar zitzaion arren, pandemiarekin prozesua bizkortu egin da”.

Sailburuak gogorarazi du urriaren 17an aktibatuko dela Euskadi Bono Dendaren hirugarren edizioaren bigarren epea, gure herriko dendetan kontsumoa bultzatzeko helburuarekin. Bigarren epe horretan Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beste 4 milioi euro jarriko ditu, tokiko saltokietan abenduaren 4ra arte erabili ahal izan daitezen.

Euskadi Bono Dendaren 3 edizioek, guztira, 22,5 milioi euro jarri dituzte zirkulazioan. Eusko Jaurlaritzak 19 milioi baino gehiago jarri ditu eta foru-aldundiek eta udalek beste 4 milioi euro, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzan kontsumoaren beherakada arinduko duen eta familiei ere lagunduko dien ahalegin bateratu eta koordinatuan.

Javier Hurtado sailburuak nabarmendu duenez, San Sebastian Moda Festival gisako ekintzek, kontsumorako bonuek, merkataritza-ekintzailetzarako laguntzek, saltokien modernizaziorako laguntzek, merkataritza-dinamizazio eta -lehiakortasunerako laguntzek eta beste zenbait proiektuk —hala nola asteazken honetan bigarren Kongresua egin duen Retail Euskal Eskolak—, euskal retailaren sektorea sendotzen eta modernizatzen laguntzen dute.

“Tokiko merkataritzari laguntzeko eta balioa emateko bideen artean dago haien produktuak desfileetan erakustea, profesionalen lana eta ahalegina sariekin ikusaraztea eta, azken batean, gure merkataritza sustatzea, gure hiri-ereduaren gizarte-kohesioaren rol ukaezina nabarmen dadin”.