Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 91 etxebizitza sozial berri entregatuko ditu datorren hilabetetik aurrera Getxo-Iturribarrin

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak azarotik aurrera Getxon eraikitako alokairu sozialeko etxebizitza berriak entregatuko dizkie ehun familia ingururi. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta administrazio autonomikoaren mendeko sustatzaile publikoa den Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindosek Iturribarri-II eremuan eraikitzen amaitu diren 91 etxebizitza sozialen —10,5 milioi euroko inbertsioa egin ondoren— obrak bisitatu dituzte gaur.

Etxebizitzen sustapen hori Getxoko Udalak eta Visesak Algortako 24.2 Egikaritze Unitatean —Fadurako udal-kiroldegiaren aurrean dagoen hiri-lurzoru batean bi partzelatan banatua— etxebizitza babestuak sustatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da. Lehenengo partzelan amaitzen ari dira Alokabidek alokairu-erregimeneko esleipendunei urtea amaitu baino lehen banatuko dizkien 91 etxebizitza sozialak.  Partzelak 4.439 m²-ko azalera eta triangelu-forma ditu, Itxe ibaia, Ibaizabal eta Iturgitxi kaleek mugatuta.

91 etxebizitzak garajeetarako sotoko solairu batek lotzen dituen bi eraikinetan banatuta daude, eta haien inguruan berdeguneak aurkitzen ditugu. Logela bakarreko 22 etxebizitza daude, bi logelako 48 etxebizitza, hiru logelako 20 etxebizitza (horietako lau mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak) eta lau logelako etxebizitza bat. Sustapenak A energia-ziurtagiria lortu du, eta berogailua eta ur bero sanitarioa ditu; sistema zentralizatu batekin funtzionatzen dute, biomasaz (pelletak) elikatutako galdara-gela batean kokatua.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik adierazi duenez, Iturribarriko sustapenak “Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren ezaugarriak biltzen ditu: etxebizitza izateko eskubideari mesede egingo dion alokairuko parke publiko baten aldeko apustua, eraikin jasangarrien bidez, bai gizartearen aldetik, bai ingurumenaren aldetik, erdigunean dagoen eta udalerriaren gainerako lekuekin ondo komunikatuta dagoen ingurune batean. Bertan, gizarteratzea eta bizikidetza lehenesten dira”.  Getxon, une honetan, 2.240 pertsona daude izena emanda Etxebiden alokairuko etxebizitzen eskatzaile gisa, parke publikoko etxebizitza baten eskatzaile guztien % 67.

Getxoko beste etxebizitza-proiektu batzuk

Hitzarmenak barne hartzen duen bigarren partzelan, Visesak alokairuko babes ofizialeko beste 58 etxebizitza eraikiko ditu, aurtengo azken lauhilekotik aurrera. Bi sustapen horiez gain, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak beste bi proiektu bultzatzen ditu Visesaren bitartez: alde batetik, Sarrikobason alokairuko babes ofizialeko 68 etxebizitza (obrak jada hasi dira) eta, bestetik, Venanciosen alokairuko babes ofizialeko 54 etxebizitza (obra-lizitazioa urte amaieran argitaratzea aurreikusita dago).

Etxebizitza Sailak, gainera, 71 gazteren emantzipazioa babestu du Gaztelagun programaren bidez, alokairu libreko errenten ordainketa errazteko, eta partikularrek alokairu eskuragarrirako laga dituzten 87 etxebizitza kudeatzen ditu Bizigune programaren bidez.