URAk Laudioko San Juan errekaren ibilgu lehengoratuan zubi berriaren habeak jarri ditu

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak, Laudioko San Juan errekaren ibilgu berriaren gainean zubi baten habeak jarri ditu, errekak Nerbioi ibaian duen bokalean.

Hala egiaztatu ahal izan dute gaur Ander Añibarro Laudioko alkateak eta Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak beren talde teknikoekin egin duten bisitan.

Zubi berri hau Laudioko San Juan errekaren uholdeetatik babesteko lanen mugarrietako bat da: Zumalakarregi eta Goikoplaza kaleen arteko 150 metroko zatian egindako jarduketa. Nerbioi ibaiaren ezkerreko ibaiadarra den San Juan errekak zabalera nabarmen ez nahikoa zuen Nerbioirekin bat egin aurretiko azken tarte horretan; uholde arrisku handiko eremua zen eta, gainera, ahokatua zen  (alegia, ubideratua eta estalia).

Orain arte, lanak egin dira San Juan erreka Nerbioin murgildu aurretik aire zabalean jario dezan,  eta ur-goraldien aurrean segurtasuna areagotzeko ahalmen hidrauliko handiagoa izan dezan. Obrek 1.071.865,31ko aurrekontua dute, BEZa barne, eta lanak 2023ko otsailerako amaitzea aurreikusten da.

Ander Añibarrok azpimarratu duenez, “errekaren ibilgua egokitzeko lanak amaitutakoan, euria gogor egiten duenean, Laudiok ez du kalterik jasango. Laudioarrek ez dute jadanik uholdeez arduratu beharrik izango”.

Antonio Aizek adierazi duenez, “Ibilgu nahikoa eta ahalik eta naturalena duen irtenbide bat bilatu da, eta, aldi berean, haren konfigurazio berriak aurreikusitako hiri-garapenarekin bat egiten du, eta ibilgu berria igarotzen den espazio osoaren ingurumen- eta hiri-kalitatea hobetzen du”.