Euskadik Europako kalifikazio gorena jaso du berrikuntzan oinarritutako zahartze aktibo eta osasungarriari modu integralean heldu izateagatik

Osasuneko Sailburu Gotzone Sagarduik sari hau jaso du Bruselan, Europako Batzordeak Erreferentziazko Guneen Lankidetza Sarearen bidez (RSCN, ingelesezko siglengatik) ematen dituen sariak banatzeko ekitaldia egin baita bertan.

Sariaren bidez aitortzen da Euskadik lan handia egin duela bizitza osoko zahartze aktibo eta osasungarrian eskualde-berrikuntza sustatzen, zahartzen ari den biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen, osasun-zerbitzuak eta gizarte-laguntzako zerbitzuak hobetzen, eta hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzen.

Hain zuzen ere, Euskadi da foro honetan beren jardunbide egokiak azaltzeko aukeratutako lau erreferentzia-guneetako bat, zehazki Osakidetzan ezarritako pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduari dagokiona. Sailburuak berak mahai-inguru batean ere parte hartuko du; bertan, Europako beste eskualde batzuetako arduradunekin batera, arlo horretan garatutako politiken inguruan eztabaidatuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila buru duen euskal proposamenak bazkideen koalizio bat osatzen du. Horien artean daude Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, hiru foru aldundiak, Osakidetza, BIOEF eta Biodonostia, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuak, Kronikgune, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU), Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskampus, Matia Fundazioa eta Institutua, Tecnalia, BRTA (Basque Research and Technology Alliance), Vicomtech, Mondragon Korporazioa, SSI Taldea, Basque Health Cluster, Elikaduraren Euskal Klusterra, Tknika, CITA-alzheimer, Orkestra, Adinberri, NIC-Nagusi Intelligence Center, SECOT ALAVA, EuskoFederpen eta 4 Dorreak.

Euskadiz gain, egun Europako beste bost eskualdek dute kalifikazio goren hau: Kataluniak, Andaluziak, Hann-ek (Herbehereak), Eskoziak eta Danimarkako Hegoaldeak.