Diabetesaren Espainiako Federazioak Sonia Gaztanbide doktorearen ibilbide profesionala aintzatetsi du

Diabetesaren Espainiako Federazioak Sonia Gaztanbide doktorearen ibilbide profesionala aintzatetsi du hilabete honetan Madrilen, Diabetesaren Espainiako Federazioaren VI. Kongresuren esparruan, egindako ekitaldi batean. Diabetesaren Espainiako Federazioko Zuzendaritza Batzordearen ohorezko aipamena Endokrinologiako espezialista gisa egindako ibilbide luzea eta izan dituen arduretan egindako lana saritzeko da. Hain zuzen ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko burua, Diabetesaren Espainiako Elkartearen Fundazioko presidentea, Medikuntza eta Kirurgiako Cum Laude doktorea (UPV/EHU), Endokrinologia eta Nutrizioko Batzorde Nazionaleko kidea, Kirurgiako Espainiako Elkartearen sariduna (2004) eta Espainiako Endokrinologia Pediatrikoko Elkartearen José Igea sariduna (2006) da, besteak beste.

Jasotako saria eskertzeko bere hitzetan, Gaztanbide doktoreak bat egin zuen pazienteei eta diabetesarekin bizitzeko moduari buruzko mezu berriekin: «Hizkuntza aldatu behar dugu: diabetesa duten pertsonak esan behar dugu, ez pertsona diabetikoak. Hezkuntzaz ari garenean ere aldatu egin behar dugu, eta diabetesari buruzko hezkuntza terapeutikoa esan, hezkuntza tratamenduaren zati bat delako».