Arantxa Tapia: “Talentua erakarri behar dugu Euskadira, ekosistema produktibo eta emankorra dugulako”

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak hauxe esan du gaur: “egia da arazo demografiko bat dugula, horregatik talentua erakarri behar dugu Euskadira, sekulako etorkizuna duen ekosistema produktibo bat daukagulako”.  Horixe esan du sailburuak INTERGUNE 2022 euskal enpresen nazioartekotze foroan eman duen hitzaldian, non aipatu baitu talentua dela Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoa. INTERGUNE 2022 Foroak kanpo merkataritzako hainbat esferatako 600 profesional erakarri ditu.

Talentuari eta talentuak atzerriko merkatuetan arrakastatsu izateko duen garrantziari dagokionez, Arantxa Tapiak hauxe gaineratu du “Talent Spot” Talentuaren Foroaren irekiera-ekitaldian: “lehenbailehen behar ditugu gaitasun oso desberdinak dituzten pertsonak. Gaur eta hemen esan nahi dut lehiakortasunaren motorra koipeztatuko duten pertsonak behar ditugula, bizirik mantentzeko ekonomia eta balio erantsia sortzeko gaitasuna”.

Sailburuak adierazi du Euskadik teknikoki trebatutako pertsonak behar dituela, euskal eta europar industrien premietara egokitzeko gai direnak, “mundu global batean lehiatzen garelako eta zuok, gure bekei esker munduan barrena zabiltzaten gazteok, ongi ezagutzen dituzuelako mundu horren giltzarriak”. Zentzu horretan, Tapiak iragarri du datorren astean, Deusto Alumni ekimenaren mendeurrenean, misio komertzial bat egingo dutela Londresera hainbat enpresarekin batera, euskal industriaren eta zerbitzu aurreratuen atea irekitzeko atzerrian dauden profesionalei. Bestalde, gazteak animatu ditu Beint Alumni sarean aktiboki parte hartzera, “tresna paregabea delako gure enpresa-ehunaren premiei erantzuteko”.

Talentua erakarri eta atxikitzea

Intergune 2022 ekitaldiak “Talent Spot” ostatatuko du gaur arratsaldeko saioetako batean. “Talent Spot” Talentuaren Foroa da, Euskadiko erreferentziazko ekitaldia, eta bere helburua da pertsonek enpresen nazioartekotze-prozesuetan betetzen duten paperaren garrantziaz sentsibilizatzea.

Hala, foro horretan bilduko dira bai ikasleak, bai profesionalak eta baita ere erakunde eta enpresak, eta elkarrekin konektatuko dituzte prestakuntzako aukerak, enplegua nahiz nazioarteko erronkak, zeintzuetan talentua oinarrizko elementua baita. Gune honetan hizpide hartuko dira laguntza-tresna publikoak (besteak beste “Beint” eta “Global Training”), eta enpresen nazioartekotze arloan gaitzeko unibertsitate-tresnak, eta baita ere Euskadira itzultzeko erronkak eta laguntzak.

Talentua -batez ere atzerriratutako profesionalena- erakarri eta atxikitzea da INTERGUNEren aurtengo edizioko helburu nagusietako bat. BasqueTrade & Investment-SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatzen dute INTERGUNE ekitaldia.

Europako herrialde gehienek bezala, Euskadik ere bere talentua erakarri eta atxiki behar du. Horregatik, “Talent Spot” foroaren barruan abiaraziko du “Alumni Sarea”, iraganean “Beint” nazioartekotze beken onuradun izan diren profesionalen komunitate osoari zuzendua.

Asian hedatzeko aukerak

INTERGUNEko goizeko saioan hizpide hartu dira euskal enpresek Asian hedatzeko dituzten aukerak. Hitzaldietan lau jomuga-herrialde nagusi jorratu dira: Korea, Turkia, Japonia eta India.

Japonia lehentasunezko herrialdea da Euskadirentzat; oso herrialde erakargarria da euskal enpresentzat bere BPGaren bolumenagatik, bere eskaera sofistikatuagatik, egonkortasun ekonomikoagatik eta araudi arloan eskaintzen duen segurtasunagatik. Ekonomia bat, osagarria dena Euskadirentzat, eta erraztasun handiak ematen dituena atzerriko ezarpenak egiteko.

Hego Korea oso herrialde teknologikoa da, eta mundu mailako merkataritzan duen papera esponentzialki hazi da, munduko lehen 10 ekonomietako bat izatera iritsi baita. Anbizio handiko inbertsio-planak ditu energia edo osasun arloetan.

Turkia, berriz, Europako funtsen hartzaile handi bihurtu da. Aduana-batasuna duenez Europar Batasunarekin eta Batasunak “gehien laguntzen duen herrialdea” izaki, Ekialde Hurbileko potentzia garrantzitsuena da, eta atea zabaltzen dio Europari eskualde horretara eta Asia Erdigunera iristeko. Batez ere Errusiari ezarritako zigorren ostean, Turkiak posizio geopolitiko eta geoekonomiko esanguratsua lortu du, eta gaur egun lurralde erakargarrienetako bat da euskal enpresentzat.

Azkenik, India atzerriko zuzeneko inbertsioaren hartzaile garrantzitsuenetako bat bihurtu da (zazpigarrena) eta nazioarteko merkataritzaren gune ere bada, hots, zubi bat Ekialde Urrunaren eta Europaren artean. Gaur egungo ingurune geopolitikoan, zeinetan bi superpotentzia handienen (Txina eta AEBak) arteko tirabirak gero eta handiagoak diren, India herrialde erakargarria da euskal enpresentzat eta ziurgabetasun gutxiago ditu ezarpenak edo inbertsioak egiteko orduan.