Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Kirurgia Endokrinoko Unitateak Kirurgialarien Espainiako Elkartearen akreditazioa lortu du

Kirurgialarien Espainiako Elkarteak (AEC) Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia Orokorreko eta Digestio Aparatuko Zerbitzuko atalari Kirurgia Endokrinoko Unitatearen akreditazioa eman dio. Akreditazioa Kirurgia Endokrinoari buruzko X. Jardunaldiaren barruan eman zen, joan den urriaren 21ean, ospitalean, eta Aitor Quintana zerbitzuburuak eta Leire Agirre unitateko mediku adjuntuak jaso zuten.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia Endokrinoko Unitateak 200 paziente inguru hartzen ditu urtean: 150 tiroide-patologiakoak, 40 paratiroide-patologiakoak eta 20 patologia adrenalekoak. Akreditazioa hemendik bi urtera berretsi behar da, eta dena zuzena bada, 5 urtez egongo da indarrean.

Zerbitzuen eta unitateen ziurtapena Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren 2022-2023 aldirako Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bat da. Estrategiaren helburua da Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa espezializazio handiko erreferente gisa kokatzea, eta, horretarako, talentua atxikitzea eta erakartzea lortzeko erakarpena bultzatzea, eta, horrela, pertsonen osasun-emaitzak hobetzea.

Aitor Quintana Kirurgia Orokorreko eta Digestio Aparatuko zerbitzuburuaren iritziz: «Egiaztapenetik ondorioztatzen den errekonozimendua oso garrantzitsua da, baina Mahatma Gandhiren hitzak ekarrita, “ez dago bakerako biderik, bakea da bidea”, ez dago bikaintasuna lortzeko biderik kirurgian, bikaintasuna da bidea. Parte hartzen dugun bilera eta jarduera askotan, Kirurgia Endokrinoaren Atalak lan onaren kultura hartu du, eta gure esparruan aplikatu dugu. Jarduera eta haren emaitzak erregistratu ditugu, eta emaitzetan eragin handiena duten aldagaiak aldatuz joan gara: indikazio kirurgiko ona, emaitzen balioa areagotzen duen teknologiaren erabilera eta teknika zorrotza. Formalki, GUOko Kirurgia Endokrinoko Unitatearen lan onaren eta emaitzen aintzatespen bat da, baina emaitza horiek zenbait zerbitzutako (Endokrinologia, Neurofisiologia, Erradiologia, Anatomia Patologikoa, Medikuntza Nuklearra, Laborategia eta Anestesiologia) profesionalen arteko sare-lanaren ondorio dira, eta, beraz, Ospitalearen lan egiteko moduaren aintzatespena dela uste dut».

Osakidetzaren estrategia bultzatzea

Kirurgia Endokrinoko Unitatea akreditatzea bultzada bat da Osakidetzaren estrategiarako, pertsonak zaintzen dituzten pertsonek osatutako osasun-sistema bat izan nahi baitu. Konpromiso, gaitasun eta errekonozimendu sozial handia duten profesionalek osatutakoa. Osasun-sistema horrek hainbat eremutako profesionalek euskal herritarren osasun-beharrei erantzuteko egiten duten talde- eta sare-lana baloratzen, sustatzen eta bultzatzen du.

Integrazioaren eta asistentzia-jarraitutasunaren eredua bultzatzeko, ezinbestekoa da sare eta egitura desberdinetako profesionalen arteko ekarpena, komunikazioa eta koordinazioa, pazienteak beti egon daitezen arretaren erdigunean.