Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak metroaren 5. linearen lehen hiru tarteak lizitatu ditu 240 milioi euroren truke

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, gaur goizean atera ditu lizitaziora metroa, Galdakaotik igarota, Usansoloko Ospitalera eramango duen 5. linearen lehen hiru tarteak. Trazadura berriaren 6,3 kilometroak eraikitzeko lanak 240 milioi eurotan zenbatetsita daude. Gainerakoa, aurrekontuko 360 eurorainokoa, oraindik esleitu barik dagoen lotura-tarteari, instalazioei (trenbidea, katenaria, seinalizazioak…) eta laguntza teknikoei dagokie. Kopuru hori % 50ean finantzatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Sarratu-Aperribai tartea 91,9 milioi euroren truke atera da lizitaziora eta 48 hilabeteko egikaritze epea du. Aperribai-Galdakao segmentuak 91,3 milioi euroko kostua izango du, eta 48 hilabete eraikitzeko; Galdakao-Ospitalea tartea, berriz, 57,3 milioi euroan lizitatu da, eta gauzatzeko epea 54 hilabetekoa izango da.

Sarratu-Aperribai, 1.540 metroko  luzera du, eta Etxebarriko geltokiaren ondoren Euskotrenen Matiko-Etxebarri linearen aire zabaleko desbideratze moduan sortzen da. Beraz, 3. linearen jarraipena izango da, eta, beraz, 5. linea ere Euskotrenen esku egongo da, eta eragiketa-gastuak erakunde horrek  hartuko ditu bere gain.

Metro batzuk aurrerago, Sarratuko (Basauri) geltoki intermodala eraikiko da, gainazalean, baina estalita. Geltoki hau Euskotrenen eta Metro Bilbaoren arteko trukerako terminal gisa planteatu da. Hortik aurrera, trazadura osoa lurpean egingo da. Ibaizabal ibaiaren azpitik zeharkatuko du, Nerbioi ibaiarekiko lotunearen parean. Aperribaiko geltokiak erdiko nasa izango du eta cut & cover izeneko prozeduraren bidez eraikiko da, hau da, aire zabalean induskatuko da, pantailak jarriko dira eta berriro estaliko da.

Bigarren tarteak, Aperribai-Galdakao, 2.800 metroko luzera  du, eta Galdakao Erdialdean amaitzen da. Bengoetxeko geltokia ere, ostalaritza-eskolaren parean egongo dena, cut & cover sistemaren bidez induskatuko da, baina kasu honetan alboko nasak izango ditu. Ondoren, meatze-tunela eraikiko da Galdakaoko Agirre Lehendakariaren plazaraino (Plaza Gorria esaten zaiona). Bertan, haitzulo-geltokia eraikiko da, Metro Bilbao motakoa. Terminalak sartzeko bi kanoi izango ditu, bata Bernart Etxepare kalean eta bestea Euskadi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko bidegurutzean.

Hirugarren tarteak, Galdakao-Ospitalea, 1.930 metroko luzera du eta tunelean egiten du aurrera Galdakao-Usansoloko Ospitaleko geltokitik aurreraxeago iritsi arte; hau ere haitzulo motakoa izango da. Terminalak zuzeneko sarbidea izango du osasun-zentrotik, igogailuen bidez.

Laugarrenak Euskotrenen Busturialdeko eta Durangaldeko linearekin bat egingo du, Ospitaleko geltoki berritik abiatuta. Gaur egun informazio-azterlanaren idazkuntza amaitzen ari dira.