Basque Circular Summitek ekonomia zirkularreko Europako berrikuntzei buruz eztabaidatu du

Basque Circular Summiten bigarren jardunaldiak protagonismoa emango die gaur ETEei, ezinbestekoak baitira EBko ekonomiarentzat, Europako enpresen % 99 eta sektore pribatuko enpleguen bi heren baitira. Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusiak, ‘Ekonomia zirkularraren aldeko apustua Euskadin’ mahai-inguruan nabarmendu du “ekonomia zirkularra lehiakortasuna dela, ekonomia dela”, eta administrazioaren erronkatzat ingurumen-fiskalitatea aipatu du, “Euskadik bere BPGren %1,6 baitu ingurumen-zergetan, eta Europako batez bestekoa %2,4 baita”.

Antonio Novo Guerrero Klusterren Europako Aliantzaren lehendakariak ireki ditu saioak, eta balio-kate osoa inplikatzearen garrantzia nabarmendu du, parte hartzen duten eragileen arteko lankidetzaren bidez: “Ekonomia zirkularrarentzat funtsezkoa dela frogatu da. Eta, nire ustez, Euskadiko kluster-sistema Europako helduenetarikoa da”. Luis Lehmann ekonomia zirkularreko irtenbideetan aditua da, eta honako hau adierazi du: “hurrengo krisien irteerak paradigma aldaketa sustatu behar du eredu berriekin. Eta gauza bat izan behar dugu kontuan: ekonomia zirkularra, ezer baino lehen, ekonomia da. Eta onura eman behar du, baliabideen erabileratik aldentzen den garapena sustatuz”.

Basque Circular Summiten bigarren jardunaldi honetan, 2022ko Hondakinen Prebentziorako Europako Asterako (EWWR) euskal hautagaiak ere aurkeztuko dira. Ekimen horren bidez, Europako herritar guztiak animatzen dira baliabideen eta hondakinen kudeaketa jasangarriari buruzko kontzientziazio-ekintzak egitera. “Ia 120 ekintza aurkeztu dira aurten Euskadin. Kopuru horrek Europako rankingaren buruan jartzen du lurraldea, 100.000 biztanleko aurkeztutako ekintzen ratioari dagokionez”, nabarmendu du sailburuorde Barredok.

Informazio gehiago