Euskalmeten arabera, azaroa oso bustia izan da itsasertzean eta oso beroa Euskadi osoan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, azaroa oso hezea izan da itsasertzeko eskualdeetan, eta Araba hegoaldean, berriz, lehorra izan da. Bestalde, Euskadiko barnealdeko gainerako lekuetan, batez besteko prezipitazioak normaltzat jo daitezke. Tenperaturei dagokienez, hilabetea antzekoa izan da Euskadiko lurralde osoan, eta azaroa beroa eta oso beroa izan dela esan daiteke, eta ezaugarrietako bat itsasoko denboraleak izan ditu.

Prezipitazioetan izandako portaera ezberdin horrek erakusten du ipar-ekialdean egin duela euri gehien, eta estazio batzuetan 300 l/m²-ak gainditu dira (Eskas 421,1 l/m², Miramon 380 l/m²). Prezipitazio metatuek behera egin zuten hegoaldean, eta prezipitazio gutxien Ebroren ardatzean erregistratu ziren, 30 l/m² inguru (Páganos 34,3 l/m², Zambrana 39,1 l/m²), eta 60 l/m² inguru Arabako Mendialdean. Tarteko kopuruak barnealdeko gainerako lekuetan erregistratu ziren (Mungia 236,3 l/m²), bai eta Bilbo Handian ere (Derio 153,8 l/m²).

Edonola ere, euri-egunen kopurua normala dena baino handiagoa izan da lurralde osoan: 15 bat egun Bilbon eta Donostian eta 11 Gasteizen, batez ere hilaren 14tik aurrera. Horietatik 8tan prezipitazio ugari metatu zen, 30 l/m²-tik gora, eta 2 egunetan baita 60 l/m²-tik gora ere.

Azaroko batez besteko tenperaturak beroak edo oso beroak izan direla esan daiteke. Mende honetako tenperaturak kontuan hartuta, bosgarren beroena izan da, eta anomalia positiboa 2,1 ºC-koa izan da 1981-2020 batez besteko normalarekiko. Itsasertzean azaroko batez besteko tenperatura 13-15 ºC inguruan ibili da eta Arabako Lautadan 10 ºC inguruan. Arreta berezia merezi du hilaren 7tik 8rako goizaldeak, tenperaturen balioak altuak izan baitziren, 20 ºC ingurukoak, eta gau tropikala izan zen, beraz, itsasertzeko zenbait lekutan. Goizalde horretan bertan azaroko tenperatura minimo altuenen errekor batzuk hautsi ziren Bizkaiko kantaurialdeko haranetako estazio batzuetan (Elorrio 18,4 ºC).

Tenperatura horiekin batera, intsolazioa normala izan da. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 88 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 101 eta Gasteizek 98.

Muturreko baldintza meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 2 alerta laranja aktibatu zituen, 1 olatuen altueragatik nabigaziorako eta beste 1 kostako inpaktuagatik. Horrez gainera, 29 abisu hori ere aktibatu zituen, horietatik 18 itsasaldeko itsasoaren arriskuagatik, 6 prezipitazio iraunkorrengatik, 4 haizeagatik eta, azkenik, 1 basoko suteen arriskuagatik.