Euskal enpresek dagoeneko eska ditzakete Gauzatu Industria programako laguntzak

Euskal enpresek dagoeneko aurkeztu ditzakete inbertsioak egiteko 2022rako laguntza-eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Gauzatu Industria programara. Laguntza horiek enpresen garapenerako euskal agentziak, hots, SPRI Taldeak kudeatzen ditu. Programa honek 28 milioi euroko aurrekontua du oinarri teknologikoko ETE berritzaileak sortzeko eta garatzeko.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 29tik, eta datorren apirilaren 17an amaituko da. Dirulaguntzak -laguntza itzulgarriak- bereziki bideratuta daude 2023an egingo diren eta eskaera aurkeztu ondoren hasiko diren inbertsioetara.

Onartutako gutxieneko inbertsioa 120.000 eurokoa da, eta inbertsio horrek enplegua mantendu edota sortu behar du. Laguntzak inbertsioaren % 35erainokoak dira.

Gauzatu programaren helburua da oinarri teknologikoa duten edota berritzaileak diren ETEak sortzen eta garatzen laguntzea, etorkizunerako lehiakortasun-estrategia gisa, eta, horretarako, enplegua sortuko duten inbertsioak babestea. Oinarri teknologikoko edo berritzaile gisa sailkatutako ETEentzako aurrerakin itzulgarriak dira, enplegua sortuko duten aktiboetan inbertitzeko emango direnak.

Aurrerakin itzulgarriak ematen dituen Gauzatu Industria programa bereziki sortu zen enpresa txiki eta ertainak babesteko eta, batez ere, finantzaketa eskuratzen laguntzeko, zeren alderdi hori baldintza erabakigarria izaten baita ETEentzat, bai hazteko, eta bai euren lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak nahiz oinarri teknologikoko proiektu berritzaileak martxan jartzeko.

Laguntza hauek bat datoz Eusko Jaurlaritzaren 2020-2024 epealdirako programako konpromisoekin, eta erantzuna ematen diote ekonomia eta enplegua suspertzeko lehentasunezko jarduera-ardatzari, industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan, teknologian eta nazioartekotzean oinarritutako estrategia baten bidez.