1.300 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte 2022an Eusko Jaurlaritzak sustatutako 2030 Agendari buruzko prestakuntza-ikastaroetan

2022an, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak 2030 Agendari buruzko dibulgaziozko prestakuntzako bi eskaintza sustatu ditu, herritar guztiei irekiak. Lehenengo fasea udaberrian egin zen, eta bigarrena udazkenean. Guztira, 1.200 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ikastaro horietan. Araban, 342 pertsona; Bizkaian, 492; eta Gipuzkoan, 474.

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariak, Asier Aranbarrik, oso balorazio positiboa egin du emaitza horri buruz, eta nabarmendu du ezarritako helburuak gainditu direla. “Proiektu hau bultzatu aurretik, uste genuen mila pertsona ingururen parte-hartzea lortzea erantzun bikaina izango zela, kontuan hartuta 2022an ekimen honen lehen esperientzia izango zela”.

2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa, 2021eko ekainean onartua, Eusko Jaurlaritzaren ibilbide-orria da GJHei dagokienez. 2030 Agendak zer esan nahi duen eta zer adierazten duen zabaltzea lau erronka nagusietako bat dela ezartzen du Legegintzaldiko dokumentu horrek.

Helburu horren abiapuntua da Nazio Batuen 2030 Agenda osatzen duten Garapen Jasangarrirako 17 helburuak ez direla behar bezala ezagutzen gizartean. Aranbarrik azpimarratu duenez, “2030 Agendaren zabalkundea hobetzea funtsezko zeregina da, besteak beste, gizartea GJHen eraldaketan gehitu dadin sustatzeko”.

    1. urtearen hasieran, eta herritarren artean 2030 Agendaren ezagutza areagotzeko helburuarekin, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak dibulgaziozko prestakuntza-ikastaroen eskaintza bat diseinatu eta abiarazi zuen, lehenik eta behin herritar guztiei zuzenduta eta udaletan, mankomunitateetan, enpresetan eta era guztietako gizarte-erakundeetan eskainita.

Ikastaroak doakoak dira, eta zazpi orduko formato-eredua dute, hiru ordu eta erdiko bi saiotan banatuta. Hala ere, eskariaren arabera, gidoia iraupen zabalago edo laburrago batera egokitzeko pentsatuta dago, bai eta eduki generikoagoen edo espezifikoagoen eta espezializatuagoen eskaintza batera egokitzeko ere.

Ikastaroaren gidoia, material didaktikoen prestaketa eta prestatzaileak prestatzeko ikastaroa Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak berak diseinatu zituen. Ikastaroak GJHak zabaltzeko konpromisoa duten gizarte-erakundeetako prestatzaileek eskaintzen dituzte, hala nola UN Etxea, Baketik, Geuz, EDE Fundazioa, Alboan eta Gazteriaren Kontseilua.

Berrikuntza Sozialaren zuzendariak azpimarratu du “prestakuntza horietara joan diren pertsonen ebaluazioak eta balorazioak oso positiboak izan direla. Aurrekari horiekin eta emaitza onekin, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da lan-ildo horrekin jarraitzea eta proposamen honen irismena zabaltzen saiatzea. Horrela, 2023rako, 2030 Agendari buruzko dibulgazio-ikastaroen eskaintza berritu bat prestatuko da”.

17.GJHarekin konpromisoa hartzeko lankidetza-protokoloak

Balantze horrekin batera, 2022ko azken Gobernu Kontseiluak argi berdea eman zien Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak Kutxa Fundazioarekin, Vital Fundazioarekin, Basque Culinary Center-rekin eta Fabrikarekin sinatutako lankidetza-protokoloei. Akordio horiek, EUDELekin, Udalsarearekin, UN Etxearekin eta Jakiunderekin sinatutakoekin batera, datozen asteetan Garapen Jasangarriaren aldeko 2030erako Arabako Aliantzarekin, BBK Fundazioarekin eta Zarauzko Udalarekin sinatuko direnekin osatuko dira.

Protokolo horiek bi helburu nagusi dituzte: lehenik eta behin, lankidetza-esparru orokor bat ezartzea, Euskadin 2030 Agenda kontratu sozialaren kultura ehuntzen laguntzeko; eta, bigarrenik, ondorengo akordioei bide ematea, jasangarritasunaren arloko ekimen zehatzak bultzatzeko. Erakunde horiek guztiek zuzenean edo zeharka parte hartzen dute Euskadi 2030 Agendaren Foroan, 2021ean sortutako organoan, 2030 Agendaren eta GJHen gobernantza kolaboratiboa bideratzeko.

Asier Aranbarrik nabarmendu duenez, “modu horretan, Euskadin ‘17. GJHarekin (Helburuak lortzeko aliantzak)’ hartutako konpromisoa betetzen ari da, modu berezi eta espezifikoan. Lankidetzako gobernantzaren garrantziari buruzko Garapen Jasangarrirako Helburua da, eta printzipioei eta balioei buruzko eta ikuspegiei eta helburu partekatuei buruzko elkarte inklusiboak ezartzea eskatzen du”.

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritza Arantzazu Gaur Fundazioaren Patronatuan integratu da. Fundazio horrek Arantzazulab sortu du, berrikuntza sozialaren laborategi gisa sortua. Haren helburua da euskal gizartearen etorkizunari eta erronkei buruzko hausnarketarako eta esperimentaziorako gune bat sustatzea, bereziki gobernantza kolaboratiboaren eta herritarren parte-hartzearen arloan.

Aranbarrik adierazi duenez, “azken buruan, eta horrelako aliantzekin eta jarduketekin, Eusko Jaurlaritza Euskadin kontratu sozialaren kultura sustatzen saiatzen da, 2030 Agendaren gakoen inguruan: elkartasuna eta jasangarritasuna. Oinarri horien gainean, zehatzaren metodologian oinarritutako konpromisoak defendatzen ditu, Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko ekintza eta proiektu eraldatzaileen bitartez”.

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariaren iritziz, ikuspegi hori erabat indartzen da Nazio Batuen 2030erako Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren munduko egoitza Euskadin kokatuta dagoelako. Gaineratu du: “ildo horretan, Euskaditik egin dezakegun ekarpen nagusietako bat da nazioartean errepika daitekeen 2030 Agendaren gobernantza-eredu bat eskaintzea, lankidetza publiko-pribatuan, baterako lanean, maila anitzeko lanean eta eragile anitzeko lanean oinarritua”.