Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Maitane Basasoro eta Manu Araolaza nabarmendu dira Euskarazko Tesien VIII. Koldo Mitxelena sarietan

Euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatze n dituzte Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena sariak. Aurtengo edizioa zortzigarrena da.

Sari-emate ekitaldia gaur egin da, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta bertan izan dira Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Jesus Mari Makazaga Euskal Herriko Unibertsitateko Euskarazko Aholkularitza eta Testugintzaren arloko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria. Honela, eta Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Andres Urrutia euskaltzainburua mahaiburu zirela, saridunek diploma eta 2.000 euro gordin jaso dituzte.

Mitxelena sariak orain dela 16 urte eman ziren estreinakoz, eta euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuarekin sortu ziren. Sariek, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta prestigioa ematen diote euskarari, maila goreneko aitortza eginez.

Andres Urrutia euskaltzainburuak irabazleak zoriondu ditu, eta gogoratu du sari hauek aspaldiko elkarlanaren emaitza direla. “Beste behin, nabarmendu nahi nuke Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera eginiko lana. Gainera, sari hauetako batzuk publikatu ere egiten ditugu, esaterako, Miren Ibarluzearen Euskal literatura itzuliaren egitura eta islak 1975-2015, eta iaz kaleratu genuena, Eneko Zuloagaren Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia”. “Bere hastapenetik, Euskaltzaindia ahalegindu da euskaraz eginiko ikerketa sustatzen, eta ehun urte beranduago ere tinko eusten dio zeregin horri”, gaineratu du Urrutiak.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak UPV/EHUk euskaraz eginiko zientzia sustatzen egiten duten ahalegina azpimarratu du: “Zientzia euskaraz ikasten eta irakasten da. Are gehiago: zientzia euskaraz egiten da. Lorpen horretan, zerikusi handia izan dute eta dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek eta unibertsitateak berak. Euskaraz egindako doktorego-tesien % 90 baino gehiago Euskal Herriko Unibertsitatean egin da; % 93, bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoaz ari bagara. Uste dut datu horrek nahiko ondo deskribatzen duela gure erakundeak euskararekin hartu duen konpromisoa; baita konpromiso horren emaitza ere”.

Gaur egun, esanguratsua da Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz eginiko doktorego-tesien kopurua. Esaterako, 2020/21 ikasturtean, 25 izan ziren euskaraz eginiko doktorego-tesiak, eta 2021/22 ikasturtean 61. Guztira 86, eta horietatik 38 nazioartekoak izan dira.

Mitxelena sarien VIII. aldian, UPV/EHUn 2020ko irailetik 2022ko uztailera arteko tartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izan dira. Guztira, 44 tesi-egile aurkeztu dira sari hauetara, eta honela banatu dira, arloka, aurkezturikoak:

  • Zientzien arloan: 13 tesi.
  • Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan: 4 tesi.
  • Osasun Zientzien arloan: 12 tesi.
  • Gizarte eta Lege Zientzien arloan: 7 tesi.
  • Artea eta Giza Zientzien arloan: 8 tesi.

Hauek dira saridunak eta tesien izenburuak:

Zientzien arloa:

Sariduna: Iñigo Arrazola Maiztegui.

Tesiaren izenburua: Argi-Materia Elkarrekintzen Diseinua Teknologia Kuantikoetarako.

Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloa:

Sariduna: Eneko Iradier Gil.

Tesiaren izenburua: Potentzia Domeinuko NOMA 5G Sareetarako eta Haratago.

Osasun Zientzien arloa:

Sariduna: Manu Araolaza Lasa.

Tesiaren izenburua: Morfinak dna-ren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa, bigarren belaunaldiko sekuentziazio teknikak erabiliz.

Gizarte eta Lege Zientzien arloa:

Sariduna: Maitane Basasoro Ziganda.

Tesiaren izenburua: Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri. Irakasleen begirada berritu batetik abiatutako Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua.

Artearen eta Giza Zientzien arloa:

Sariduna: Beñat Garaio Mendizabal.

Tesiaren izenburua: Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen.

UPV/EHU eta Euskaltzaindia, euskarazko ikerketa bultzatzen

Euskal Herriko Unibertsitatea ezinbesteko erakundea da zientzia euskaraz garatzeko. Unibertsitateak euskaraz egiten du zientzia. Unibertsitateak euskaraz zabaltzen du zientzia. Euskal unibertsitate publikoak erantzukizun hori hartu zuen bere gain, eta modu iraunkorrean eta erabakimenez garatzen du.

Euskaltzaindiak hastapenetatik (1919) euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzaren normalkuntzarako eginiko ahaleginaren inguruabarrean kokatzen dira sari hauek. Euskararen Akademiak ehun urtez jardun du zeregin bikoitz horretan, normalizazioaren bidetik ikerkuntza-alorra ere landu duela. Akademiaren altzoan bildutako komunitate zientifikoaren ekarria Euskera agerkari akademiko-zientifikoak jaso izan du 1919tik. 2021ean, Euskaltzaindiak erabiltzaileen esku jarri zuen ekarpen garrantzitsu hori, Euskera agerkari osoa digitalizatuz, tartean 2.000 ikerketa-artikulu inguru. Artikulu guztiak kontsultatu daitezke −eta PDF formatuan eskuratu− bere webgunean (www.euskaltzaindia.eus).

Koldo Mitxelena euskaltzain eta UPV/EHUko irakasleak garrantzi eta esku-hartze handia izan zuen ibilbide horretan, eta haren izena eta izana gogoratzen dute sariok. Ezin ahaztu Mitxelenak batasunaren bidean eginiko ekarpena (besteak beste, Akademiak 1968ko Arantzazuko txostena prestatzeko eskatu zion), haren asmo nagusia euskara noranahiko bihurtzea baitzen, goi-mailako ikerkuntzari dagokionez ere bai.