Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, espezialistak prestatzeko zentro bikaina

BAME azterketa amaitu ondoren, egoitza egiteko tokia aukeratzeko unea da. Gure ospitalea etorkizuneko egoiliarrek gehien eskatzen dutenetako bat da, datuek erakusten dutenez. Hona zenbait datu: iaz, ospitalea aukeratu zuten BAMEen % 53k aurreneko 2.000 pertsonen artean zeuden; estatu osoko lehen Pediatriako BAME plaza Gurutzetan eskatu zen; Anestesian eskaintzen diren hamar plazak lehen hiru egunetan hartu ziren; eta EAEn aukeratu ziren lehen hiru plazak ospitale honetara etorri ziren (lehena, Dermatologia, 5 zenbakiarekin).

Aurten, 126 plaza eskainiko ditu ospitaleak: 104 medikoak, 17 erizaintzakoak, 3 farmaziakoak eta 2 psikologo klinikokoak. Baina eskaintza hori areagotu egingo da hurrengo urtean, Eva Pérez Prestakuntza Espezializatuko teknikariak esan digunez: «Izan ere, Osasun Ministeriok plaza batekin akreditatu du Immunologiako irakaskuntzako unitatea. Horren behar handia zegoen, duen garrantziagatik zerbitzu horretan beste ospitale batzuetako kanpo-egoiliarrak txandakatzen baitziren. Gainera, hiru plaza gehiago akreditatu dira Pneumologian eta ORLn beste plaza bat gehiago jartzea eskatu da».

Hilabete baino pixka bat gehiago falta da aire irekien jardunaldia egiteko (martxoaren 30ean egingo da, 12:00etan), eta hori aukera paregabe bat izango da ospitalea ezagutzeko eta plazak eskaintzen dituzten zerbitzuak bisitatzeko. Hori horrela, Marcelo Calabozo Prestakuntza Espezializatuko Unitateko arduradunarekin hitz egin dugu.

Zer dela-eta da gure ospitalea hain erakargarria egoiliar berrientzat?

GUO ospitale tertziario bat da, eta prestakuntza espezializatuan erreferentea da estatu osoan. Punta-puntako teknologia eta izen handiko profesionalak ditu. Azken horiek oso inplikatuta daude egoiliarren prestakuntzan, egoitza-aldi osoan eta jada espezialistak direnean. Gainera, CSUR gara honako hauetan: Betzuloko deskonpresioa oftalmopatia tiroideoan, begien gainazal konplexua berreraikitzea. Keratoprotesia, giltzurruneko transplante pediatrikoa, epilepsia errefraktarioa, mugimenduaren nahasmenduen kirurgia, sortzetiko gaixotasun metabolikoak eta uretrako kirurgia konpontzaile konplexua helduetan.

GUOn, egoiliar bat egoitza-aldi osoan ospitaletik atera behar izan gabe presta daiteke. Gainera, aukera du are gehiago espezializatzeko, bere espezialitateko munduko zentro onenetan kanpo-txandaketak eginez.

Nolakoa da egoiliarren prestakuntza gure ospitalean, zer ezaugarri ditu?

Egoiliar batek zioen bezala: «Gurutzetan egoitza amaitzen duzunean, konturatzen zara denetik ikusi duzula eta ez zarela ezeren beldur». Profesional bikainak prestatu nahi ditugu profesionaltasunean oinarritutako nazioarteko gaitasunetan, ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak barne hartuta. 2008az geroztik, gaitasunetan oinarritutako prestakuntza-eredua, Competencias Cruces-2008 (Morán Barrios doktorea), espezialistak prestatzeko eredu bihurtu da nazioko eta nazioarteko beste ospitale batzuetan.

Eta egoiliarren prestakuntza horretan, zer rol jokatzen dute tutoreek?

Ezinbesteko rol bat. Tutoreak espezialisten prestakuntzako giltzarria dira, bai eta eredu bat ere egoiliarrentzat. Haien dedikazio eta laguntzari esker, ospitale hau bere kalitateagatik nabarmentzen da, eta egoiliarrek urtero aukeratzen dituztenen artean gogokoenetako bat gara.

Eta zer ari zarete lantzen egoiliarren prestakuntza hobetzeko etorkizunari begira?

Informatikako Zerbitzuarekin batera egoiliarren prestakuntza kudeatzeko aplikazio bat garatu dugu eta Irakaskuntza Kalitateko Kudeaketa Plana eguneratu dugu 2023 honetan, baita eta zenbait protokolo ere, besteak beste.

Gure helburua da etorkizuneko espezialista prestatzea, erronkei aurre egingo dien eta gizartearekin konprometituta dagoen profesional bikain bat izan dadin. Eta, jakina, espezialistak prestatzen erreferente izaten jarraitu nahi dugu.

Ate irekiko Jardunaldia. Martxoaren 30ean. Izena eman