Barakaldo Alkateak Gurutzetako elkarbizitza arazoa hobetuko duen jarduera plan bat lehenbailehen martxan jartzeko eskatu du

Osoko bilkurak EAJ-PNV, PSE – EE eta PPren botoekin onartu du auzoan herritarren segurtasuna hobetzeko neurriak eskatzen zituen proposamena. Hala, adierazi da arazoari hezkuntzaren, esku-hartze sozialaren eta segurtasun publikoaren ikuspegitik helduko dion jarduera-plan bat diseinatzen hasteko. Udalbatzak Ceferimo del Olmoren omenez udal erakusketa aretoaren izena aldatzea eta Barakaldo Futbol Taldeak Lasesarre estadioa erabiltzeko hitzarmena onartu ditu.

Barakaldoko Udalak babesa eta konpromisoa agertu die gaur arratsaldean Gurutzeta auzoko bizilagunei, eta auzoan segurtasun handiagoa eskatzen duen mozioa defendatu dute. Mozioa osoko bilkuran onartu dute, EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin eta Elkarrekin Podemos eta EH-Bilduren abstentzioarekin. Talde politiko guztiek eskertu dute Gurutzetako Familien Elkarteak egindako lana. Hala, Amaia del Campo alkateak jarraibideak eman dizkio Gizarte Kohesioaren Arloko arduradunari mozioak jasotzen duen azken puntuaren aurrean guztia martxan jar dezan, esku-hartze sozialaren, hezkuntzaren eta segurtasun publikoaren ikuspegitik arazoari helduko dion jarduera-plan bat diseinatuz.

Bestalde, gaurko osoko bilkurak Kultura Sailaren proposamena onartu du, Ceferino del Olmoren omenez udal erakusketa aretoaren izena aldatzeko. Izan ere, udal langile ohia zen, Barakaldoko 70eko hamarkadako kultura aurrerakoiaren ordezkaria, eta erakusketa-aretoaren beraren eta gaur egun ezagunak diren artisten sustatzailea. Proposamenak Ceferino del Olmok kultur arloan egindako lana aitortu duten udal talde guztien babesa izan du.

Gainera, Barakaldo Club de Fútbol taldeari Lasesarre erabiltzeko eta aprobetxatzeko emakida arautzen duen hitzarmena ere onartu da. Ziurgabetasun urte batzuen ondoren, Barakaldo tunelaren amaieran argia ikusten ari dela esan daiteke. Hala ere, tunelaren barruan jarraitzen du. Hitzarmen honekin eta zelaiaren lagapenarekin hiriko klub zaharrenari eta masa sozial gehien mugitzen duenari laguntza eman ahal izango zaio, maila altuenetan jokatzeko aukera izan dezan, adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak. Hitzarmena bi urtean behin berrikus daiteke, edo kluba goragoko kategoria batean sartzen den unean.