Eusko Jaurlaritzak areagotu egingo ditu gidatzean arreta-galtzeak zaintzeko kontrolak

  • Kontrolak martxoaren 27tik apirilaren 2ra eta maiatzaren 29tik ekainaren 4ra bitartean indartuko dira
  • Gidatzen den bitartean mugikorra eskuan eramateak gidabaimeneko sei puntu galtzea ekarriko du

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak indartuko ditu martxoaren 27tik apirilaren 2ra bitartean eta maiatzaren 29tik ekainaren 4ra bitartean.

Telefono mugikorrak dira arreta-galtze ohikoenetako bat gidatzen ari garenean. Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi du: “Gidatzen den bitartean telefono mugikorra erabiltzea oso arriskutsua da. Gidatzen ari garen bitartean eskuan eramateak, mugimenduan gauden ala ez alde batera utzita, 6 puntu galtzea ekar dezake. Baita ibilgailua semaforo batean edo auto-ilara batean geldi badago ere, zirkulatzen ari dela ulertuko baita”.  

Bestalde, zirkulatzen ari garenean telefono mugikorra manipulatzeak, dispositiboa euskarri batean edo antzeko zerbaitetan badago, hau da, eskuarekin ukitzen ez bada ere, hiru puntu kentzea ekarriko du. Debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea ere. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekarriko dute.

Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen dute mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira. Hori guztia saihesteko egiten dira era honetako kanpainak, eta trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 45 kanpainen egutegiaren barruan egiten dira.

Informazio gehigarria