Ekainaren 3an Euskal Polizian sartzeko probak hasiko dira BECen

PRUEBA
  • Guztira 3.985 izangai dira, horietatik % 36,2 Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeak
  • Enplegu-eskaintza publikoa Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 212 agente-plazak osatzen dute: 127 Ertzaintzarako eta 85 Euskadiko 31 udaletarako

Datorren ekainaren 3an hasiko dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centeren Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 212 agente-plazetako bat lortzeko hautaprobak. Zehazki, 127 plaza Eusko Jaurlaritzak deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamabigarren promozioko agenteentzat eta 85 Euskadiko 31 udaletako udaltzain-plazetarako dira.

Berrikuntza moduan, eta 40 urtean lehenengo aldiz, Ertzaintzak espezialitatea duten txanda libreko 100 plaza eskaintzen ditu trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko, eta izangai horiek, formakuntza-fasean, espezialitate bakoitzeko eginkizunak eta funtzioak betetzeko gaikuntza gehigarri espezifikoa egingo dute.

Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

EUSKAL POLIZIARAKO IZANGAIAK

Behin behineko datuen arabera, 3.985 pertsonak eman dute izena legealdi honetan egingo den hirugarren deialdi bateratuan. Datuen genero-ikuspegia kontuan hartuta, nabarmendu behar da hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonen % 36,2 (1.442) emakumeak direla, eta era horretara, beraz, zuzendu egiten da emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa. Gainerako % 63,8 (2.543) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 61,6 (2.454), alegia; Gipuzkoakoak % 19,1 dira (762) eta, azkenik, Arabakoak % 12,7 (507). Gainerakoak, % 6,6 (262) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira.

Izangai gehienak, % 63,9 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 33,9, alegia, 31 urtetik 38 urtera bitartekoak ere. Gainera, izena eman dutenen % 67k egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horiei batu behar zaizkie euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzen dituzten ziurtagiriak (probak BECen egin ondoren jasoko dira). Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.

POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA

Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da prestatzen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri hau, eta gauzatu ere akademiak egingo du. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala da, eta pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-prozesua: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da, eta trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan espezialitatedun plazak lortu nahi dituztenek espezialitate bakoitzeko egitekoak eta funtzioak betetzeko formakuntza gehigarri espezifikoa egin beharko dute.
  • Praktikaldia lanean: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Hartzen dituen polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.