Osakidetzak nazioarteko aitormena jaso du, eta osasun mentala hobetzeko Europako Ekimenaren buru izango da

PRUEBA

Biosistemak (lehen Kronikgune) Osasun Sistemen Ikerketa Institutuak Osasun Saila eta Osakidetza ordeztuko ditu “Healthier together” (elkarrekin osasungarriagoak) izeneko nazioarteko proiektuan

 

Osakidetzak Europako erakundeekin partekatuko ditu osasun mentalaren arloko ezagutzak eta esperientzia

Euskadi agintari eskudun izendatu dute osasun mentala hobetzeko Europako Ekintza Bateratuaren buru izateko estatuan. Osakidetzak eta Osasun Sailak esparru horretan egindako lanaren aitormena da, baita Biosistemak (lehen Kronikgune) ikerketa-proiektuen eta estatuko eta Europako komunitateen koordinazioan egindako lanaren aitormena ere.

Euskadik “Healthier together” (elkarrekin osasungarriagoak) izeneko Europako ekimenean parte hartuko du, EU4HEALTH programaren barruan. Programa hori osasun mentalaren arloko ekintzan oinarritzen da, eta programa horretan Europako erakundeekin partekatuko ditu arlo horretan lortutako esperientzia eta ezagutza, eta Osakidetzan ezarritako planei eta programei buruzko informazioa emango du.

Zehazki, osasun mentalarekin zerikusia duten jardunbide onen eta ekimen berritzaileen transferentzian eta gomendioen garapenean lan egingo du, baita osasun publikoaren eta suizidioaren prebentzioaren gainean eragin nabarmena izan dezaketen ekintzen ezarpenean ere. Era berean, programak abian jartzeko eta indartzeko laguntza emango die estatu kideei.

Biosistemak Institutuak, sortu zenetik, eta Osakidetzarekin batera, parte hartu du Europako Batzordearen eta Osasun Ekintza Estrategikoaren programek finantzatutako proiektuetan. Proiektu horien helburua da osasun-sistema etengabe egokitzea eta eraldatzea, berrikuntzatik eta ikerketatik abiatuta, eta, horren bidez, sistema horrek dituen erronkei aurre egiten laguntzea, barnean direla osasun mentaleko gaixotasunen prebentzioaren eta kudeaketaren erronkak.