Azken hilabeteetan baieztatutako jarduera ekonomiko globalaren dezelerazioak hazkunde leuneko eremuan mantentzera eraman du euskal ekonomia, apirilean 93,5 puntuko balioan kokatu ondoren, gaur Ekonomia eta Ogasun Sailak egindako apirileko termometroan jasotakoaren arabera.
Erregistro horrek ia bost puntuko moderazioa erakusten du martxoan lortutako balioarekiko (98,2). Moderazio hori kontsumoaren eta inbertsioaren hazkundeak izandako dezelerazioak azaltzen du. Izan ere, ez da lortzen dezelerazioa konpentsatzea balantza komertzialaren hobekuntzarekin.
Joan den martxoan, euskal ekonomia hazkunde leuneko eremuan sartu zen lehen aldiz duela bi urtetik, 100 puntuko mailatik behera geratu baitzen (otsailean 101,1 puntukoa izan zen).
Kontsumoaren eta inbertsioaren hazkundeak izandako dezelerazioaren aurrean, industria-sektorearen erregistro onek bere horretan jarraitzen dute. Dena den, inflazioaren eta interes-tasen dinamikak eragina du eraikuntzan eta zerbitzuetan. Hala eta guztiz ere, enpleguak bilakaera-profil irmoa eskaintzen jarraitzen du, eta, horri esker, euskal ekonomia hazkunde-bide positiboa luzatzen ari da.
Termometroa hilero egiten da, euskal ekonomiaren 100 adierazletik gora oinarri hartuta, eta hilabete bakoitzaren lehen egunetan argitaratzen da.