Eusko Jaurlaritzak 581.000 euro bideratuko ditu arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta banatzeko

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eskatuta, arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta banatzeko dirulaguntza. Guztira 581.000 euro banatuko dira kulturaren arloko profesionalak (ekoizleak, banatzaileak, komertzialak) modu erabakigarrian merkatu berriak irekitzen eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzen laguntzeko.

Lau laguntza modalitate daude eta horrela zehazten dira lagunduko diren jarduerak:

  1. Arte eszenikoak (330.000 €): Arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) egiten dituzten ikuskizunak sustatzea, merkaturatzea, nazioartekotzea eta banatzea.
  2. Musika (150.000 €): musika-taldeen sustapen-, merkaturatze-, nazioartekotze- eta banaketa-proiektuak
  3. Literatura (30.000 €): literatura sektoreko argitaletxeak diren pertsonek edo entitateek EAEtik kanpo egingo diren liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzea.
  4. Arte plastikoak (71.100 €): arte-galeriek EAEtik kanpo egingo diren nazioarteko arte-azoketan parte hartzea.

Dirulaguntzok jasotzeko, garatu beharreko jarduerak 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarteko epean egin beharko dira.

Interesa dutenek ekainaren 27tik  aurrera hilabeteko epea izango dute beraien eskaerak eta proiektuak aurkezteko.

Iazko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 68 proiektu lagundu zituen. Dirulaguntza jaso zuten proiektuen artean besteak beste, honako hauek daude: Hika antzerki taldea, Zirkozaurre konpainia, Lanku Bertso Zerbitzuak, Ttakun produkzioak, Izaro, Garikoitz Mendizabal, edota Erein argitaletzea.