AMVISA Uraren Gela sortu da

Manoli Igartua Olaecheak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordeak, eta Batxi Aranburu Osoriok, Aguas Municipales de Vitoria-Gasteiz SAko (AMVISA) kudeatzaileak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ‘AMVISA Uraren Gela’ Unibertsitate-Enpresa gela berria sortzeko. Hitzarmen horren helburua izango da uraren ziklo integralaren etapa guztien kudeaketaren, ustiapenaren eta administrazio jasangarriaren arloekin lotutako prestakuntzako, ikerketako eta transferentziako jarduerak egitea.

Horretarako, hitzarmenean ezarritakoaren arabera, prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko ekintzak antolatuko dira uraren ziklo integralaren etapa guztien kudeaketa, ustiapen eta administrazio jasangarriaren arloetan; ikasketa eta ikerketa lan akademikoak egingo dira hezkuntzarako lankidetza programen esparruan (borondatezko praktikak), bai eta gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak (lehentasuna emango zaie “Industria doktore” aipamena dutenei) ere; baterako jardunaldiak, bisitak, mintegiak eta prestakuntza ikastaroak antolatuko dira, jakintza sortzen eta zabaltzen laguntzeko; eta ikerketa zientifikoko edo garapen teknologikoko proiektuak egingo dira, eta horien edukia kasu bakoitzerako sinatuko diren hitzarmen espezifikoetan zehaztuko da. Halaber, ikerketa zientifiko eta teknikoko baterako azterlan zehatzak egingo dira, lantalde mistoak osatuz.

Gainera, aurreikusita dago laguntza bekak ematea eta/edo babes programak ezartzea, unibertsitate lanak sustatu, bultzatu eta garatzeko.

Hitzarmen honek sendotu egiten du UPV/EHUko Arabako Campuseko Farmazia Fakultateak eta Ingeniaritza Eskolak azken urteotan AMVISArekin egin duten lankidetza. “AMVISA Uraren Gela sortzeak aukera ematen digu are gehiago indartzeko uraren ziklo osoari lotutako baterako prestakuntzako, ikerketako eta transferentziako jarduerak egiteko. Horretarako, jasangarritasunean, farmakutsaduran, digitalizazioan eta beste arlo batzuetan jarriko dugu arreta”, Manoli Igartuak adierazi duenez.

Jarduerak egiteko, Gelak lokal bat izango du Arabako Campuseko unibertsitate pabiloian. Lokal hori AMVISAk egindako ekarpenarekin prestatu eta hornituko da.

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta aho batez eta berariaz erabaki ahal izango da beste lau urtez luzatzea.

“AMVISAk zuzen bideratu nahi du etorkizuneko estrategia, esleitu zaizkion baliabide hidrikoak eta funtsezko zerbitzu publikoa hobeto kudeatzea helburu – esan du Batxi Aranburuk –. Larrialdi klimatikoak, gizartearen eraldaketa digitalak, erronka ekologikoek, operazionalek eta ekonomikoek berrikuntza estrategiak indartzera garamatzate, Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenen bidez, berori bikaintasunezko ikergunea delarik. Epe ertainean, ekimen eta ekintza planak lortu nahi ditugu, globaletik tokikora, eta, horrela, lankidetzarako eta etengabeko hobekuntzarako esparru estrategiko egonkorra sortuko genukeelarik uraren kudeaketan».

Hitzarmena sinatu ondoren, lehen aldiz bildu da hitzarmenaren jarraipen batzorde espezifikoa. Batzordeko kideak, ondoren, Krispiñako HUAren instalazioetan izan dira.