‘Z-WasTEK’-ek karbono-zuntzaren balioa handitu du bigarren belaunaldiko konposite berriak garatzeko

Z-WasTEK proiektua 2020an abiatu zen, Zero Waste teknologia berriak garatzeko helburuarekin, kalitate handiko karbono birziklatuzko zuntzean eta 3R erretxinan (konpongarria, birziklagarria eta birprozesagarria) oinarritutako konpositeak fabrikatzeko. Joan den martxoan amaitu zen proiektuaren jarduera teknikoa, eta, proiektuko arduradunek adierazi dutenez, “prozesu berri bat garatu da karbono-zuntza birziklatzeko, materiala erabili ezin den momentua pasa ondoren”.   

Proiektua Obe Hettich buru duen euskal partzuergo batek osatzen du eta bertan parte hartu dute Mariskone, Fibertecnic, Fiber Profil, Segula Tecnologías España, Igestek Increase & Win, Maier S.Coop eta Inkoa Sistemas enpresek, baita CIDETEC Surface Engineering, Leartiker eta MTC zentro teknologikoek ere. 

2,4 milioi euroko aurrekontua izan du, Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK – Enpresen I+Grako Laguntza Programaren barruan, eta Europar Batasunak finantzatzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez, CDTIren bitartez.  

Zero Waste soluzio berriak  

Proiektuari esker, “karbono-konpositeen industriarako Zero Waste soluzio berriak garatu dira”, diote. Gainera, 3R konpositearen balioa handitzeko teknologia berriak garatuta, 3R konpositeen produkzioko hondakin erretxina eta karbono-zuntzak erabat berrerabili ahal izan dira. Horrela, “3R konpositearen produkzioan sortutako hondakin guztiak erabat ezabatzea lortzen da”, proiektuaren ordezkarien arabera.  

Hala, berreskuratutako karbono-zuntzak kalitate handia eta prestazio egokiak ditu, eta, beraz, lehen hondakina zen material hori birbalorizatu egin da birziklatze kimikoko prozesu baten bidez. “Bigarren belaunaldiko 3R konposite berriak garatzeko erabili ahal izateko egiten dugu prozesu hori, konposite originalen prestazio berberekin, prezio lehiakorrean”.  

3R erretxinen balioa handitzeko, birziklatze kimikoko prozesu berri bat jarri zen martxan, karbono-zuntzak erretxinatik bereizteko aukera ematen duena, eta “bi material birziklatuak karbono-zuntz birziklatuz sendotutako bigarren belaunaldiko material konposatuen garapenean erabiltzeko”, zehaztu dute.    

Gainera, prestazio handiko itsasgarri berri bat garatu da, 3R teknologian oinarritua, eta haren gaitasunak egokiak dira aeronautikaren eta beste sektore batzuen eskakizunei aurre egiteko. Itsasgarriak pieza beraren zati kolatuak erraz bereizteko aukera ematen du, beroa aplikatuz, eta “hori abantaila handia da pieza aeronautikoetan kaltetutako zatiak bereizteko eta gero konpontzeko”, azpimarratu dute.  

Proiektu honekin, erretxinetan eta beira- edo karbono-zuntzetan oinarritutako material konposatuekin egindako piezak ordezkatzea lortu da, birziklagarriak ez direnak. “Fabrikatu diren erakusleak birziklagarriak dira, oraingoak baino arinagoak, eta proiektuan birziklatutako karbono-zuntzetik abiatuta garatu dira”. Garatutako erakusleen artean, besteak beste, trenaren barruko piezak, atzeko atearen zati bat edo auto baten droprack-a daude.  

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.