Diputatu Nagusiari harrera Donostiako Udalean

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Miramongo Parke Teknologikoa handitzea bultzatuko dute, eta Anoetako kirol-instalazioak berritzeko lan koordinatua egingo dute. Bi konpromiso horiek iragarri dituzte, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, biek Gipuzkoako hiriburuko udaletxean egin duten bilera instituzionalaren ostean.

Goiaren eta Mendozaren arteko topaketa izan da diputatu nagusiak hasi berri den legealdian lurraldeko 88 udalerri guztiekin egingo dien lehenengoa, herri bakoitzaren beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta Foru Aldundiarekin banakako lan-esparrua ezartzeko.

Donostiaren kasuan, bi erakundeetako arduradunek adostu dute lantalde egonkor bat eratzea Udalaren eta Aldundiaren artean, partekatutako gaiak eta proiektuak lantzeko. Talde iraunkor hori maiztasun jakin batekin batzartuko da, eta proiektu bakoitzerako eskumena duten arloetako arduradunek hartuko dute parte.

Horrela, foru erakundeak eta Donostiako Udalak hasiera batean bultzada ekonomikoarekin zerikusia duten gaiak finkatu dituzte, hala nola Eskusaitzetako poligonoaren garapena eta Miramongo Parke Teknologikoaren handitzea, non bi aldeek lan egingo duten hori gauzatzeko.

Horrekin batera, legealdi honetarako ezarritako beste lehentasunetako bat Anoetako Kirol Hiriko azpiegiturak berritzea da. Hala, bi aldeek adostu dute kirol-instalazioak modernizatzeko beharrezkoak diren inbertsioen egutegia eta periodifikazioa egingo dituztela.

Mendozak eta Goiak mugikortasunarekin eta garraio-azpiegiturekin lotutako hainbat gai elkarrekin lantzeko beharra ere planteatu dute, besteak beste, Gi-20ko saihesbidea egokitzea eta modernizatzea, Marrutxipiko lotunea amaitzea, bide horretatik sarbide berriak aztertzea, Lurraldebuseko autobus-fluxua hiriburuan zehar, Donostiako bizikleten sistema publikoa alboko herrietara hedatzea edo Donostiako sarea Chillida Lekurekin lotuko duen bidegorria egitea.