Karabela portugaldarren gertakarietarako protokoloa onartu du Donostiak

Azken asteetan, karabela portugaldarrak ugaritu egin dira EAEko kostaldean eta Donostiako hondartzetan, eta Donostiako Udalak dagoeneko badu jarduketa-protokolo bat, halakoak begiztatu eta inori heltzen diotenerako.

Protokoloak hainbat azpieremutan banatzen ditu hondartzak. «Horrekin lortu nahi dena da, karabela portugaldar bat ikusiz gero, horrek ez eragitea hondartza guztiari, baizik eta soilik hura agertu den eremuari. Begiztatzeaz gain norbaiti heldu badiote, orduan hondartza guztian hartuko dira neurriak, are itxi ere«, adierazi du Carlos García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Ikusten bada hiru karabela portugaldar baino gutxiago daudela, bandera horia jarriko da ale horiek azaldu diren azpieremuan, baita marmoken logotipoa duen bandera ere. Karabela portugaldarraren hiru ale edo gehiago atzemanez gero, are Santa Klara uhartean ere, bandera gorria eta marmoken marrazkia daraman bandera jarriko dira azpieremuan, eta debekatu egingo da hor bainatzea.

Protokoloak dio, karabela portugaldarraren 15 ale edo gehiago begiztatuz gero, hondartzak bainurako erabat itxi ahal izango direla. Kasu horretan, bandera gorria jarriko da hondartzetan, bai eta marmokaren marrazkia duen bandera ere, eta debekatuta egongo da bainatzea.

Beste kasu bat ere jasotzen da: karabela portugaldarrak ordubetean pertsona bati edo biri heldu badie eta espezie horren ale bat baino gehiago begiztatu bada, hondartza osoan jarriko dira bandera gorria eta marmoken logoa duen bandera, eta debekatu egingo da bainatzea. Megafoniaz mezu hau zabalduko da: «Marmoka arriskutsuak dabiltza hondartzan eta debekatuta dago bainatzea».