Lanbidek eta BBK-K bat egin dute merkatuak gehien eskatzen dituen gaitasun digitaletan langabeak prestatzeko

  • BBK bootcamp programaren bidez, profesionalak prestatuko dituzte datuen analitikan eta zibersegurtasunean, berehalako enplegagarritasuna duten espezialitateetan
  • Ikastaroak, trinkoak eta % 100 praktikoak, 490 ordukoak dira eta aurrez aurre emango dira BBK Kunan irailaren 18tik aurrera
  • Gaia-ren arabera, lanbide teknologikoetan 20.000 lanpostu baino gehiago daude Euskadin, eta eskaria handituz doa

Hainbat urtez enplegagarritasun handiko konpetentzia edo gaitasun digitaletan 250 pertsona baino gehiago gaitzeko bootcamp metodologia arrakastaz probatu ostean, BBK-k beste urrats bat egin eta programa pilotu bat abiarazi du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin batera, langabezian dauden 60 pertsona datuen analisian eta zibersegurtasunean prestatzeko. Helburua pertsona horien reskilling edo berregokitze profesionala erraztea da, eta lan-merkatuan sartzen laguntzea, lurraldeko enpresek asko eskatzen dituzten gaitasunak baitira. Prestakuntzaren ondoren, lana bilatzeko prozesuan programak osotzen dituzten ikasleei lagunduko die BBK-k, interesa duten konpainiek kontrata ditzaten lagunduz.

BBK-k eta Lanbidek lau ikastaro eskainiko dituzte guztira, bina modalitate bakoitzeko, eta bakoitzak hamabost plaza izango ditu. Mota honetako prestakuntzetan erreferentziazko eskola den The Bridge-k emango ditu bootcampak; The Bridgeren bootcampak munduko onenen rankingean daude, eta datorren ikasturtean ere BBK-k beste prestakuntza batzuk berarekin eskaintzen jarraituko du.

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak adierazi duenez, “gure lurraldean aldaketa positiboak sortzeko teknologiak duen ahalmen disruptiboan sinesten dugu, eta askotariko eragilek elkarrekin lan egitea eskatzen du asmo handikoa den helburu honek. Hezkuntza-erakundeek, gobernuek eta enpresek funtsezko zeregina dugu prozesu honetan, etorkizunerako beharrezkoak diren trebetasunak eta gaitasunak identifikatzeko elkarrekin lan eginez eta prestakuntza- eta trebakuntza-programa egokiak eskainiz. Gaur Lanbiderekin aurkezten dugun hau bezalako aliantzak urrats garrantzitsua dira zentzu horretan”.

Bestalde, Juan Carlos Ibarrola Lanbideko Enplegu Prestakuntzarako zuzendariak gogorarazi du Euskal Enplegu Zerbitzua eraldaketa batean murgilduta dagoela, “gure gizartean, esparru guztietan, dagoen talentu guztia berreskuratzeko, martxan dagoen ekonomia berrirako prestatzen eta egokitzen laguntzeko”. Horren haritik, azpimarratu duenez, “bizitzen ari garen eraldaketa handiek etengabeko prestakuntza-ahalegina eta lanbide-profilen egokitzapena eskatuko dute. Eta errealitate aldakor horren aurrean, erantzun berriak eskaintzen ditugu”, programa hau, adibidez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik nabarmendu dute legegintzaldi honetan hainbat arlotan sustatzen ari diren proiektu berritzaileen barruan kokatzen dela ekimen hau, bai enplegua sortzeari dagokionez, eta bai prestakuntzari dagokionez. Zehazki, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren zuzendaritzapean, Lanbidek bootcamp formatuko beste prestakuntza-proiektu batzuk aztertu edo esploratu ditu, orain BBKrekiko lankidetza honetara hedatzen direnak.

Ikastaroek, % 100 praktikoak, 490 orduko iraupena dute eta aurrez aurre emango dira BBK Kunan irailaren 18tik aurrera. Ikasleek egun osoko modalitatearen (16 aste) edo egun erdikoaren (26 aste) artean aukeratu ahal izango dute. Matrikula doakoa da ikasleentzat. Prestakuntzan parte hartzeko hautagaitzak Lanbidek proposatuko ditu eta BBK-k eta The Bridgek hautatuko dituzte. Aurreinskripzioa abuztuaren 4ra arte egongo da zabalik. Hautaketa-prozesuaren ostean, matrikulatzeko epea irailaren 4tik 13ra izango da. Bootcamp-ak oso intentsitate handiko programa laburrak dira, % 100 enplegura bideratuak. Ikasleek ez dute aldez aurreko inolako ezagutzarik behar, eta enpresek eskatzen dituzten trebetasun tekniko oso espezializatuak lortzen dituzte, era praktikoan eta taldean lan eginez.

Datu-analitikaren programa balio handiko espezialistak prestatzeko diseinatuta dago, eta hori edozein sektoretarako bere moldakortasunagatik. Ikastaroan zehar, ikasleek hainbat tresna digital erabiliz datuak biltzeko, antolatzeko eta analisi prediktiboak eta bistaratzeak egiteko duten gaitasuna trebatzen da.

Zibersegurtasuneko bootcampak, bestalde, zibererasoak egiteko eta simulatzeko eta ziberzaintzako zentroetan lan egiteko gauza izan daitezen gaitzen ditu ikasleak. Ikastaroaren ostean, eskari handiko sektore batean hasteko gaitasuna izango dute, soldata estatuko batez bestekoa baino % 30 handiagoa duen lanpostu batean.

Sektore teknologikoarekin lotutako profil profesionalen eskariak etengabe egiten du gora. Gaia-Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearen arabera, gaur egun 20.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute lanbide digitaletan. Gainera, uste du datozen urteetan bikoiztu egingo dela enpresetan horrelako profilen beharra.

“Horregatik guztiagatik, talentu digitala prestatzeko eta lurraldeko sektore teknologikoan enplegua sustatzeko apustua sendotzen duen programa berri hau abiarazi du BBK-k. Bi helburu betetzen ditugu: batetik, langabezian dauden pertsonek azkar eskuratu ahal izango dituzte kalitatezko enplegua lortzea ahalbidetuko dieten trebetasunak; bestetik, langile kualifikatuen corpusa sortzen dugu, oso beharrezkoa Bizkaian aberastasun-sorkuntza moteldu ez dadin”, azaldu du Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak.