Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek mendizale bat lagundu dute Gorbeia mendian

Biktima helikopteroz eraman behar izan dute ospitalera, gailurretik gertu zegoela bihotz-gutxiegitasuna izan ostean. Hori dela eta, ZEUko Mendi Taldea eta Ertzaintzaren aireontzi bat mobilizatu dituzte. Osakidetzako helikoptero batek Galdakaoko Ospitalera eraman du biktima.

Gertakaria eguerdiko hamabiak eta bostean izan da, biktimarekin zihoan senide batek mendizalea ondoezik zegoela eta, dirudienez, bihotz-gutxiegitasuna zuela ohartarazi duenean. Biktima, 54 urtekoa, Aldamin lepoan zegoen, Gorbeiako gurutzetik oso gertu.

Larrialdi Zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiko basozaina, osasun-langileak, Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Taldea eta Ertzaintzaren helikoptero bat mobilizatu ditu.

Erreskatatzaileek eta osasun-langileek biktimari lagundu diote, eta, haren egoera dela eta, aireontzian eraman behar izan dute gune garbi batera. Bertan, Osakidetzako helikoptero batek Galdakaoko Ospitalera eraman du.