Eusko Jaurlaritzak 41 milioi euro bideratuko ditu arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programara

  • Elkartek programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak sustatzen du, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean (ZTBES) diharduten eragile zientifiko-teknologikoei zuzenduta dago.
  • Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita 

Gobernu Kontseiluak 41.000.000 euroko gastua baimendu du arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa (Elkartek programa) 2023ko ekitaldian finantzatzeko. Industria-ahalmen handiko ikerketa-proiektuak finantzatzeko, zuzkiduraren % 25 bideratuko da gehienez, eta interes bereziko ekintza osagarriak finantzatzeko, berriz, % 10 gehienez.

Elkartek programak hiru proiektu mota babesten ditu: lankidetzan egindako oinarrizko ikerketa-proiektuak (ZTBESeko hiru eragile motak lankidetzan egindakoak eta RIS3an eta 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean ezarritako lehentasunen parte diren arloetako ezagutzak zabaltzera bideratuak); industria-ahalmen handiko ikerketa-proiektuak (I+Gko enpresa-unitateek zuzendutakoak, bakarka edota bultzatzeko ahalmen handia duten ZTBESeko beste eragile batzuekin lankidetzan); eta interes bereziko ekintza osagarriak (eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-organismoek eta hedapen-organismoak soilik egindakoak —bakarka edota ZTBESeko beste eragile batzuekin lankidetzan—, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko espezializazio-esparruekin bat datozenak eta honako hauetan dautzanak: azterlanak egitea, zaintza teknologikoa, lankidetza teknologikoa errazteko jarduketak, I+G+Bko proiektuak prestatzeko aholkularitza, ezagutzaren transferentzia eta balorazioa eta I+G+Baren nazioartekotze-jardueretan parte hartzeko aukeraren sustapena).

Diruz lagundu ahal izango diren proiektuak Elkartek 2023 programaren lehen fasean hautatutakoak dira, laguntza horiek arautzen dituen 2023ko urtarrilaren 18ko Aginduari jarraikiz.

Gaur onartu den zuzkidura ekonomikoa honela banakatuta dago:

PROGRAMA 2023 2024 2025 GUZTIRA
5413 teknologia 10.000.000,00 20.500.000,00 10.500.000,00 41.000.000,00

Dirulaguntza esleitzeko irizpideei jarraikiz, I. faseko ebaluazioan lortutako notaren arabera laguntza jaso dezaketen proiektuetako 36 lankidetzan egindako oinarrizko ikerketa-proiektuak dira, 11 industria-ahalmen handiko ikerketa-proiektuak eta 6 interes bereziko ekintza osagarriak.

Elkartek programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021-2023 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuta dago, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza areagotzeko beharrari erantzuten dio, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) zutabea den aldetik. Azken helburua da Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea.