Josu Erkorekak «USEC Bilbao 2023» segurtasun publikoaren biltzarra inauguratu du

  • Bi egunetan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek hamar bat eztabaida-mahaitan parte hartuko dute, besteak beste, ekitaldi handietako segurtasuna, polizia-koordinazioa, zibersegurtasuna eta larrialdi-egoeren erantzuna aztertzeko

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak “USEC Bilbao Congress 2023” biltzarra inauguratu du gaur goizean. Biltzarra irailaren 20an eta 21ean egingo da Azkuna Zentroa – Bilboko Alondegian. Nazioarteko ekitaldi honetan segurtasun publikoaren arloko adituak elkartzen dira sektoreko azken joerak eta berrikuntzak aztertzeko.

Edizio honetan, USEC Bilbao 2023 biltzarrean segurtasun publikoarekin zerikusia duen gai sorta zabala aztertuko da, zibersegurtasuna, mugikortasuna, herritarren babesa, larrialdi-egoeren erantzuna eta ekitaldi handietako segurtasunaren koordinazioa barne.

PROGRAMA

Programatuta dauden 30 jardueren artean, azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak hainbat mahai-ingurutan parte hartuko duela. Lehenengo jardunaldian, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak Alfonso Garaikotxea Ertzaintzako Herritarren Babeserako Ataleko buruarekin batera parte hartuko du ekitaldi handiak zuzentzeari buruzko, zehazki Frantziako Tourrak Euskadin egindako bideari buruzko, eztabaidan.

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak polizia-koordinazioaren erronkei eta jardunbide egokiei buruz hitz egingo dute, eta Ertzaintzaren beste hainbat ordezkarik ere esku hartuko dute, horien artean Aitor Ercilla Kanpo Lankidetzako Burutzako komisarioak, Jose Antonio Varela Planifikazio Operatiborako eta Azpiegituren Babeserako Burutzako intendenteak eta Juan Vicente Bilbao Inteligentzia Bulego Nagusiko buruak.

Biltzarraren bigarren egunean, Javier Diéguez Cyberzaintzaren zuzendariak azpiegitura sentikorren babesean zibersegurtasunak dituen erronkei buruzko eztabaidan parte hartuko du, eta basoko suteen eta horien arriskuei buruz jarrian egingo den sinposioa Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko arduradunak, eta Santiago Gaztelumendik, Euskalmeteko koordinatzaileak, zuzenduko dute. Biltzarrari amaiera emateko, Iosu Alonso Ertzaintzako Aginte eta Kontrol Zentroaren burua moderatzaile-lanetan arituko da ekitaldi handietan erabakiak hartzean multimedia tresnak erabiltzearen komenigarritasunari buruzko eztabaida-mahaian.