Eusko Jaurlaritza eta SPRI EMO Hannover-en parte hartzen ari diren 36 euskal enpresen bidelagun

Euskadiko 36 enpresa daude aste honetan egiten ari den EMO Hannover 2023 azokan, fabrikazio aurreratuko teknologiak oinarri dituen mundu mailako azoka nagusienean. EMO Hannover, batez ere, metalak ebakitzeko eta konformatzeko makina-erremintetan eta produkzio-sistemetan, doitasuneko, automatizazioko eta digitalizazio industrialeko tresnetan dago oinarrituta, eta “sektoreko erreferentziazko azoka da”, AFM Cluster-ek, azoka honetan Estatuaren presentziaz arduratzen denak, adierazi duenez.

Euskadiko enpresek gaur bertan Hannoverrera bidaiatu duten Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuaren, Arantxa Tapiaren; SPRI Taldeko zuzendari nagusiaren, Aitor Urzelairen; eta Industriako sailburuordearen, Mikel Amundarainen, babesa jaso dute.

Innovate Manufacturing izenburupean, industria metalurgikorako munduko azoka nagusiak IoT-ri buruzko erakusketa independenteko eremu berria aurkeztuko du, eta mota guztietako soluzio informatikoak bilduko ditu.

AFM Cluster-ek zehaztu zuenez, 2019an, EMO Hannover azokak 47 herrialdetatik iritsitako 2.211 erakusketari eta 150 naziotako 120.000 bisitari profesional inguru jaso zituen. Industria arloko sektore nagusi guztiak egon ziren bertan ordezkatuta: makina-fabrikatzaileak, industria autopropultsatua eta osagaien hornitzaileak, sektore aerospaziala, mekanika eta doitasuneko optika, ontzigintza, teknologia medikoa, erreminten eta matrizeen fabrikazioa, altzairugintza eta eraikuntza arina.

Aurtengo edizioan, Espainiatik iritsitako 52 fabrikatzailek aurkeztuko dituzte haien sistemak Alemaniako azokan, eta erakusketa eremuan 5.700 metro koadro baino gehiago beteko dituzte. Euskadiko enpresen kasuan, Euskadiko 36 enpresa erakusketarik 4.559 metro koadro kontratatu dituzte eta haietako 23 izango dira Gipuzkoakoak.

Halaber, azokan BIEMH 2024 (Bilbo, ekainak 3-7) aurkeztuko dute BIEMH antolatzen ari diren BECeko eta AFMko ordezkariek, azokan izango diren nazioarteko komunikabideekin batera egingo duten topaketan.