Plastikozko pieza jasangarriak fabrikatzeko berrikuntzaren aldeko apustua egin du Viplastica enpresak

Viplastica Gasteizen kokatuta dagoen enpresa bat da, injekzio bidez plastikozko pieza teknikoak fabrikatzen dituena. Enpresak 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta, hasieran, putz-prozesua eta bakelita ere lantzen zituen, baina denborarekin fabrika plastiko-injekzioan bakarrik espezializatu zen. Gaur egun, 18 langile ditu, eta 2019tik aurrera, enpresa bere prozesuen modernizazio orokorrean murgilduta dago, 4.0 industriaranzko eguneratzearen bila. 

“Bezero bakoitzak bere beharretara egokitutako berariazko produktuak eskatzen dizkigu; beraz, gure indarra bezero jakin baten beharretara egokitzeko gaitasunean dago. Plastiko teknikoak injektatzen ditugu, hala nola akabera estetiko handiko poliamidak, beira-zuntzez erresistenteak diren plastikoak, larrialdiko argiztapenerako suaren kontra babesteko plastikoak, elikagaietarako plastiko konpostagarriak eta biodegradagarriak… Hori guztia bezero bakoitzak behar dituen ezaugarrien eta gaitasunen arabera”, dio Jon Ortega Murgak, Viplasticako administrazio-zuzendariak. 

Plastikoaren eremuan piezak merkeak direnez eta garraioaren kostua produktuarena bera baino handiagoa izan daitekeenez, Viplasticaren bezeroak lokalak izaten dira gehienbat, adibidez, Mercedes Benz Gasteiz. Enpresak produktu gehien saltzen dituen sektoreak automozioa, elikagaien ontziak eta kapsulak, makina-erreminta, elektronika eta etxetresnen-sektorea dira. 

Prozesuen berrikuntza funtsezkoa da enpresako ordezkarientzat. “Berrikuntza beharrezkoa da lehiakorra izateko. Izan ere, produktuek prezio merkeak dituzten merkatu batean, zentimo batengatik proiektu osoak galdu daitezke”. Gainera, jasangarritasuna funtsezko beste faktore bat da Viplasticarentzat. “Gizarteak produktu ekologikoak eta ‘green’ produktuak eskatzen dizkie gure bezeroei, eta gure bezeroek guri. Plastiko birziklatuak, konpostagarriak edo biodegradagarriak eskaintzea eta, ahal den neurrian, gure aztarna ekologikoa murrizten saiatzea funtsezkoak da, eta kontzientzia handian duen gizartean arrakasta izateko”, nabarmendu du Jon Ortegak. 

Gainera, enpresa Tecnalia zentro teknologikoarekin elkarlanean aritu ohi da hainbat proiektutan, probak egiten molde-prototipoekin. SPRI Taldearen laguntza ere jaso du, Hazinnova programaren bidez. Etorkizunari begira, Viplasticak bere materialen berrikuntzan inbertitzen jarraitu nahi du, batez ere elikagaien sektorean. Gainera, ohiko eremutik kanpo bezeroak erakartzeko plana du. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.