1,1 milioi euroko laguntza Bilboko Udalari, haur-eskoletan egindako inbertsioegatik

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du Bilboko Udalari 1.134.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea, Haurreskolak Partzuergoko bi haur-eskolatan burutu dituen birgaitze lanak eta azpiegitura-gastuak finantzatzeko, zehazki Larreagaburuko eta Indautxuko haur-eskoletan egindako lanetarako.

Indautxuko haur-eskolaren kasuan, Bilboko Udalak lokala erosi eta egokitu zuen haur-eskola berria irekitzeko. Larreagabururi dagokionez, lehendik dagoen haur-eskola handitzea da laguntza honen bidez finantzatzen den jarduketa.

Bilboko Udala, Euskadiko beste 179 udalerri bezala, Haurreskolak Partzuergoko kide da. Partzuergo horrek kudeatzen dituen 16 haur-eskola daude egun Bilbon. Laguntza honen zenbatekoak Next Generation funts europarretan du jatorria.