Lanbidek eta Ertzaintzak zerbitzu publikoan lan egiten dutenen segurtasunean lankidetzan jarduteko eta iruzur-saiakerak saihesteko hitzarmena eguneratu dute

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Segurtasun Sailak Lanbideko 42 bulegoetan lan egiten dutenen segurtasuna bermatzen laguntzeko eta iruzur-saiakerak saihesteko hitzarmena eguneratu dute, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak izenpetutako protokoloaren arabera.

Lankidetza-esparruak, besteak beste, jarduketa hauek barne hartuko ditu: Ertzaintzak Lanbideri eskaintzea bere egoitza eta bulegoetako segurtasunari eta ordenari buruzko analisia, arrisku-ebaluazioa eta aldizkako azterketa; jardun-prozedura egokiak garatzea langileen kontrako mehatxuei, pintadei, sabotajeei edo instalazio eta altzarietako kalteei erantzuteko; une bakoitzean erabakitako ikuskapenak egitea, udal-erroldarekin zerikusia duten gaiekin lotutako irregulartasunak detektatzeko; formakuntza espezializatua egitea dokumentuak faltsutzeari buruzko hitzaldi, tailer edo mintegien bitartez; genero-indarkeriaren biktimen babesari buruzko formakuntza espezializatua; eta jarduteko prozedura egokiak garatzea, prestazio sozialak jasotzen dituzten pertsonei buruzko txostenak eskatzen direnean eskaera horiei erantzuna emateko, Ertzaintzari polizia judizialaren arloan dagozkion eginkizunen esparruan.

Hitzarmen hau datozen lau urteotarako eguneratzeak Enplegu Zerbitzu Publikoarentzat suposatuko du Lanbiden lan egiten dutenen babesa bermatzea, prestazioak eraginkortasunez kudeatzeko hartzen joan diren neurriekin bat eginez, kudeaketa bermatzailea izan dadin prestazio horiek jasotzen dituzten pertsonekin eta, aldi berean, zorrotza izan dadin baliabide publikoak erabiltzean. Neurri horiek gainerako administrazio publikoekin elkarreragingarritasuna areagotzearekin zerikusia dute prestazioen hartzaileen egoera zehatz-mehatz ezagutzeko, bai eta iruzur-saiakerak detektatzeko gaitutako barneko protokoloekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzarekin eta Polizia Nazionalaren Atzerritartasunerako Brigadarekin irekitako lankidetza-bideekin eta joan den abenduan Legebiltzarrak onartutako Inklusiorako eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari buruzko legean aurreikusitako laguntza-, ikuskapen- eta kontrol-unitatea sortzearekin ere.