Eusko Jaurlaritzak Languages Lanean kongresua antolatuko du Bilbon 2024an

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan kongresua antolatuko dute 2024an. Bi eguneko topaketa izango da, eta Bilbo izango du egoitza, urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Museoan egingo baitira saioak. Lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua duten praktika onak zabaltzea du jomuga kongresuak. Etorkizunari begiratzen dio kongresuak, sektore sozioekonomiko globalizatu bati, non hizkuntza-kudeaketa beharrezkoa den kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta merkatuan lehiatzeko.

Gaur egungo gizartearen ezaugarriak dira, besteak beste, globalizazioa, aniztasuna edo nazioartekotzea, eta horiek hizkuntza-kudeaketaren konplexutasuna areagotzen dute jarduera ekonomikoan. Aukera berriak ere sortzen dira, hizkuntza-teknologien edo adimen artifizialaren eskutik. Languages Lanean kongresuaren helburua da alor horretako esperientziak ezagutzea, irakaspenak partekatzea eta horien gainean eztabaidatzea. Hizkuntza-erabilerari dagokionean, euskara lehenetsiko da kongresuan, eta gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez jarraitzeko aukera ere eskainiko da.

Hizlariak

Lehen edizio honetan, erakunde publiko-pribatuetako arduradunak izango dira protagonista. Tokiko zein nazioarteko entitateetako ordezkariak elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, baita kulturaren alorreko adituak ere. Eremu publikoari eta pribatuari eragiten dieten aztergaiak eta sektoreen araberako mahai-inguruak ere programatuko dira bi egun horietan.

Honenbestez, hilaren 18an, osteguna, nazioarteko erreferentziazko erakunde eta enpresetako ordezkarien aurkezpenekin abiatuko da kongresua, hala nola, hezkuntza, industria, finantzak eta administrazio publikoa. Sektore ezberdinetako ordezkariak eta orotariko mintzagaiak egongo dira arratsaldean: hizkuntza kudeaketak zerbitzuen kalitatean duen garrantzia, enpresa publikoak traktore gisa egiten duten lana, hizkuntza teknologiak, enpresen nazioartekotzeak dakartzan aukerak eta erronkak, aurrera egiteko baliabide eta tresnak…

Hurrengo egunean kultura arloko eragileen txanda izango da. Tartean, Pello Reparaz, Itziar Ituño eta Estibaliz Urresolaren esperientziak eta hausnarketak entzun ahal izango ditugu. Behin betiko parte-hartzaileen zerrenda osatzen joango da datozen asteetan.

Biltzar honen babesleak dira, halaber, Eudel, UEMA, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua.

Izen-ematea zabalik

Languages Lanean kongresua publiko orokorrari zabaldutako jarduera izango da, eta lan-eremuko hizkuntzaren erabileraren inguruan kezkak eta ezagutzak partekatu nahi dituzten enpresariei, langileei, bezeroei zein hornitzaileei egin diete bertan parte hartzeko gonbita. Izen-ematea zabalik da kongresuaren atariaren bidez.