Pneumoniaren Munduko Eguna

Komunitatean hartutako pneumonia biriken infekzio akutu bat da, bakterioek, birusek edo onddoek eragindakoa. Munduan heriotza gehien eragiten duen infekzioa da, urteko 3 eta 6 kasu arteko intzidentzia du 1.000 biztanleko eta hilkortasun globala % 5-7 ingurukoa da. Kasuen % 20-40k ospitaleko ingresua behar dute, eta ehuneko hori handiagoa da oinarriko gaixotasunak dituzten pertsonetan eta adinekoetan. Bakterioak dira pneumoniaren kausa ohikoena eta, batik bat, Streptococcus pneumoniae bakterioa, pneumokoko izenez ere ezaguna. Birusak ere ohiko kausa dira: maizen agertzen direnak gripearen birusa, arnas birus sintzitiala edo errinobirusa dira. Gaur egun, gainera, bereziki garrantzitsua da COVID-19ak eragindako pneumonia.

Orokorrean, pneumonia ez da kutsakorra; baina, hura eragiten duten birusetako batzuk eta goiko arnas traktuko bakterioak badira kutsakorrak. Germen horiek pertsona baten ahoan edo sudurrean daudenean, pertsona horrek, eztula edo doministiku egitean, gaixotasuna transmiti dezake.

Arrisku-faktoreei dagokienez, pneumonia ohikoagoa da gizonetan, bizialdiaren hasieran eta amaieran (5 urtetik behera eta 65 urtetik gora) eta neguan. Gaixotasun hori hartzeko arrisku handiagoa dute defentsa baxuak eta gaixotasun kronikoak (arnasketakoak, gibelekoak, giltzurrunetakoak, kardiobaskularrak eta diabetesa) dituzten gaixoek. Tabakoa eta alkohola ere arrisku-faktore dira.

Sintomak azkar agertzen dira: sukar altua eta hotzikarak, eztula eta karkaxa, arnasa hartzeko zailtasuna eta alboko mina, besteak beste. Horiekin batera arnasketa-maiztasuna handitu daiteke, edo palpitazioak edo takikardia agertu, bai eta nekea edo nahasmendua ere.

Pneumoniaren diagnostikoa egiteko, sintomek eta auskultazioak susmo klinikoa pizten dute, eta diagnostikoa berresteko toraxeko erradiografia egiten da. Pazienteak ospitaleratzean, gainera, odol-analisia eta azterketa mikrobiologikoak ere egiten dira.

Pneumonia etxean edo ospitalean trata daiteke, larritasunaren arabera. Bakterioek eragindako pneumoniak antibiotikoak emanda tratatzen dira. Tratamenduak ez du iraupen bera kasu guztietan, baina astebetekoa izaten da batez beste. Beste gomendio batzuk dira likido asko edatea, atseden erlatiboa, analgesikoak eta antitermikoak. Gainera, oxigenoterapia ere eman behar da, pazientearen arterietako oxigeno mailaren arabera. Kasu larrienetan, beharrezkoa izan daiteke zainketa intentsiboetako unitatean ingresatzea edota aireztapen mekanikoa erabiltzea.

Transmisio-bideei dagokienez, mikroorganismoak pertsona batetik bestera kutsa daitezke, batik bat birusak. Mikroorganismo horiek pertsona kutsatuek aho-sudurretatik kanporatzen dituzten likido-tantatxoetan daude, eta inguruko pertsonak kutsa daitezke arnasa egitean hartzen badituzte. Pneumoniagatik tratamendua jasotzen ari diren pazienteek beste pertsona batzuk kutsatzeko oso arrisku txikia dute, batik bat pneumonia bakterianoa badute. Alabaina, kutsatzeko arriskua handiagoa da immunodeprimituen edo infekzio birikoen kasuan, batik bat COVID-19aren infekzioetan, oso kutsadura tasa altua baitute.

Pneumonia prebenitzeko gomendioen artean daude eskuak maiz garbitzea, ahoa eta sudurra estaltzea doministiku edo eztul egitean eta paperezko musuzapiak zaborretara botatzea. Gainera, pneumonia ez hartzeko ona da, halaber, dieta osasungarria izatea, jarduera fisikoa modu erregularrean egitea, alkohola neurriz hartzea, higiene ortodentala zaintzea eta ez erretzea. COVID-19aren hedapena gelditzen saiatzeko neurriak ere (maskara higienikoa erabiltzea eta urruntze soziala) eraginkorrak dira pneumoniatik babesteko.

Prebentzioaren oinarrizko alderdi bat gripearen, pneumokokoaren eta koronabirusaren aurka txertatzea da. Gripearen kontrako txertoa jarri behar dute urtero 60 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoak dituztenek edo komunitate zerbitzuetan lan egiten dutenek (profesional sanitarioek, poliziek eta suhiltzaileek). Pneumokokoaren kontrako txertoa jarri behar dute 60-65 urtetik gorakoek eta gaixotasun kronikoak edo arrisku-faktoreak dituztenek (tabakismoa barne). Pneumokokoaren aurkako bi txerto mota daude: Txerto polisakaridoa, 23 serotipokoa (VNP23), eta txerto konjugatua, 13 serotipokoa (VNC13). VNC13 txertoak gaitasun immunogeno handiagoa du, bai eta oroimen-efektua ere, eta ez du birtxertatzerik behar. Aldiz, VNP23 txertoa bost urtean behin eman behar da. COVID-19aren aurkako txertoa pertsona guztiei eman behar zaie, dagokienean, arrisku-taldearen eta adinaren arabera, baita aurretik infekzioa pasatu badute ere. Gainera, zenbait taldetan (60 urtetik gorakoak eta arrisku-taldeak), babesa areagotzeko, oroitzapen-dosia eman beharra dago.

Espainiako Arnas Patologiako Elkarteak (SEPAR), ALATekin eta Ciber-ekin batera eta Bartzelonako Unibertsitatearekin lankidetzan, ekitaldi hibrido bat bultzatu du Medikuntza Fakultatean, pneumoniaren munduko eguna dela eta. Hiru mahai-inguru egingo dira, hauek ardatz hartuta: pneumoniak, COVID-19a eta etorkizuneko tratamenduak.

Milagros Iriberri Pascual. Pneumologia Zerbitzua
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa