Errege Magoak Igeldoko funikularrean iritsiko dira

Haurrek gutunak eman ahal izango dizkiete, hilaren 5ean,15:30etik aurrera Udaletxeko Udalbatza Aretoan

Urtarrilaren 5ean Donostian izango dira, berriz ere, Ekialdeko Errege Magoak. Aurtengoan Igeldoko funikularra erabilita iritsiko dira. Hala, 10:50ean Funikularraren plazan agurtuko dituzte lehen aldiz bertara hurbiltzen diren haurrak.

Ondoren hiriko auzoetara bisita hasiko dute kapotarik gabeko Rolls-Royce batean, espaloietan, leiho eta balkoietan edo zebrabideetan dauden pertsona guztiak agurtu ahal izateko. Funikularretik Antigua zeharkatuko dute eta Pio Baroja eta Izostegi Pasealekutik Amarara joango dira, eta bertatik, Loiolako Erriberetako Maria Zanbrano plazan geldialdia egingo dute. Jarraian, Arteleku plazara hurbilduko dira, eta ondoren, Intxaurrondoko Sagastieder plazara. Sagastieder-etik Altzako Harria Parkera joango dira, eta Udaletxera joan aurretik Bidebieta eta Gros auzoak zeharkatuko dituzte.

Errege Magoek aurreikusita dute 14:30ean Udaletxera iristea, haurren gutunak hartu aurretik atseden piskat hartzeko. Harrera 15:30ean hasiko da, eta urtero bezala, Udaletxeko sarbidean dagokion ilarra ezarriko da Alderdi Ederreko terrazatik. Gutuna emateko ilara 17:10ean itxiko da. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira, heldu batek lagunduta.

Udaletxeko terrazatik kanpo gelditzen diren pertsonak ezingo dira Udalbatza Aretora sartu, baina erregeen paje laguntzaileak gerturatuko dira beren gutunak eta agurrak jasotzera.

Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau beteko du: Boulevard, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi, Boulevard.

Desfilea amaitu bezain laster, Errege Magoek adineko pertsonen zentroak bisitatuko dituzte: San Jose de la Montaña, Villa Sacramento eta Matia Rezola.

Zeinu interpretea

Aurreko urteetan bezala, Errege Magoek zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen-urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.

Bost karroza

Aurtengo desfileak bost karroza izango ditu: Jaiotzaren karroza; Melchor erregeraren karroza, greziako zibilizazioan oinarrituta; Gaspar erregearen karroza, Egiptoko zibilizazioan inspiratuta; Baltasar erregearen karroza, Afrikako sabanako animalien munduan oinarrituta, eta, azkenik, buruhandien karroza. Halaber, ohiko paje taldeak izango dira eta desfileari kolorea eta musika jarriko dioten animazio talde ezberdinak.