Javier Hurtado sailburua eta Pablo Bustinduy ministroa kontsumoaren arloko gai komunak aztertzeko bildu dira

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Javier Hurtado Eskubide Sozial, Kontsumo eta Agenda 2030eko ministro Pablo Bustinduyrekin bildu da Madrilen. Topaketa honek bi erakundeen arteko lankidetza-konpromisoa sendotzen du kontsumitzaileen eskubideen defentsan.

Espainiaren lehendakaritzaren Europako seihilekoan, kontsumoaren arloan autonomia-erkidegoak koordinatzen Euskadik egindako lana aztertu da bileran. Aldi horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak kontsumoaren arloko autonomia-erkidegoen ordezkaritza izan du Europar Batasuneko EPSCOren Kontseiluaren aurrean (Enplegua, Gizarte Politika, Osasuna eta Kontsumitzaileak).

Seihileko honetan jorratutako gaien artean, kontsumitzaileen ahalduntzearekin, praktika desleialen aurkako babesa indartzearekin eta informazio zehatzagoa eta eskuragarriagoa emateko mekanismoak ezartzearekin lotutako gaiak nabarmendu dira.

Era berean, sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen estatutu berriaren garrantziaz informatu dio ministroari, aitzindaria baita kontsumitzaileen defentsari dagokionez, besteak beste kolektibo kalteberen babes bereziari dagokionez.

Estatutuak neurri zehatzak ezartzen ditu, tartean aurretiko hitzordurik gabe etxez etxeko salmenta debekatzea eta pertsona kalteberei bereziki eragiten dieten arau-hausteetan zehapenak gogortzea. Beste gai berritzaile eta aitzindari batzuen artean, nabarmentzekoa da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak enpresei zehapenak ezartzeko duen gaitasuna, kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzul ditzaten, eragindako kalte-galerengatik kalte-ordaina emateko aukera barne.

Javier Hurtado sailburuaren eta Pablo Bustinduy ministroaren arteko topaketa honek kontsumitzaileen eskubideak sustatu eta defendatzeko lankidetza eta konpromiso bateratua indartzen ditu. Bi aldeek elkarrekin lan egiten jarraitzeko borondatea adierazi dute, kontsumitzailearen babesa indartuko duten eta merkataritza-praktika bidezkoak eta jasangarriak sustatuko dituzten politiketan aurrera egiteko.