Osasun Sailak Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua laga dio Bizkaiko Foru Aldundiari, arreta soziosanitariorako erabil dadin

  • Zaurgarritasun-egoeran izateagatik aldi berean laguntza sozial eta sanitario integrala, koordinatua eta egonkorra behar duten pazienteak tratatuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua laga diote Bizkaiko Foru Aldundiari, arreta soziosanitarioko unitate gisa erabil dadin.

Bi erakundeen artean sinatutako lagapen-akordioari esker, espazio hori (ospitalea eraiki zenean etorkizuneko erabileretarako gorde zena) osorik erabiliko da konplexutasun txikiko eta intentsitate handiko osasun-zainketa behar duten pertsonen laguntza soziosanitariorako, zehazki, egoera sozio-familiarragatik etxean edo mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitzan zainketa behar bezala aplikatu eta gainbegiratzen dela bermatzeko zailtasunak dituzten pertsonen laguntza soziosanitariorako.

Hartara, Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuak ospitaleko alta jaso duten baina susperraldia behar duten pazienteak hartuko ditu. Gehienbat, adin handiko pertsonak dira, eta nabarmendu behar da gizarte-eskari handiko plazak direla.

Bere garaian foru-erakundeak berak eskatutako erabilera-lagapen hori beste urrats bat da erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko bidean eta Euskadin arreta soziosanitarioaren espazioa integratzeko ahaleginean. Esparru horretan sartzen dira, osasun-arazo edo muga funtzionalengatik eta/edo gizarte-bazterketako arriskuengatik, aldi berean arreta sanitario eta sozial koordinatua eta egonkorra behar duten pertsonei ematen zaizkien zainketak.

Izan ere, unitate hori Gernikako Ospitalean kokatzeak gizarte- eta osasun-baliabideen aprobetxamendu eta sinergia handiagoa ahalbidetuko du, pazienteen eta batik bat egoera zaurgarrien dauden kolektiboen arretaren eta ongizatearen onurarako.