Erlo Group: “Hazinnovari esker, nazioarteko merkatuetan bezero potentzialak zehaztu ditugu eta gure barne-plangintza hobetu dugu”

Erlo Group 60 urte baino gehiagoko historia duen konpainia bat da, ekipo-ondasunak fabrikatzen dituena. Gaur egun, taldea osatzen duten hiru enpresen artean 50 langile ditu, eta bi negozio-lerro eskaintzen ditu. Irtenbide estandarrak eta neurrira egindako proiektuak garatzen ditu, zulatzeko, hariztatzeko, fresatzeko eta deformatzeko teknologiak txertatuz eta elikatze-, deskargatze-, neurketa- eta markatze-sistema automatikoak integratuz. 

SPRI Taldeak sustatutako Hazinnova programaren aurreko edizioan, Erlo Group-en bi proiektu gauzatu dira, biak arlo ekonomiko-finantzariora zuzenduak. Horietako batean, enpresaren kostuak kalkulatzeko sistema aztertu eta hobetu da, eta horrek “bi negozio-unitateentzat kostu bereiziak zehazteko irizpideen hausnarketa eta berrantolaketa ekarri du”, azaldu du Iraide Iriartek, Erlo Group-eko Financial Controller-ek. 

Bigarren proiektuan, altxortegia planifikatzeko eta haren segimendua gauzatzeko tresna aztertu eta hobetu da. Horrela, eguneroko datuen eguneraketa sinplifikatzea lortu da, diruzaintzako alerta nagusien identifikazioa eta kudeaketa erraztuz. “Horrek laguntza handia suposatzen du erabakiak hartzeko orduan”, adierazi du Iriartek. 

Gainera, Hazinnova ekimen horien bidez, Azkoitiko enpresak merkatu berrietan hazi nahi du. “Nazioarteko merkatu berrietan gure bezero potentzialak identifikatzeko balio izan digu programak, kontaktu berriak sortuz eta lehendik ditugunak sendotu ditugu”, nabarmendu du Financial Controller-ek. 

Zehazki, taldeak sektore hauetan ardazteko estrategia du, maila globalean: automobilgintzan, arlo zurian eta energia berriztagarrietan. Erlo Group-etik ere parte hartu da SPRI Taldearen beste programa batzuetan, hala nola Industria Digitala, Basque Industry 4.0 edo Zabaldu, azken hori birritan. 

Iraide Iriarteren arabera, enpresak norabide argia du, eta nazioartekotzea du erronka nagusia. “Helburua da presentzia globala sendotzea, gure dibertsifikazioa indartzea eta haztea. Ez dezagun mugarik jarri; enpresak ibilbide potentzial oso garrantzitsua du alderdi horietan guztietan”. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.