Errenteriak eta URAk Oiartzun ibaiaren ezkerraldeko ingurumen-lehengoratze lanak amaitu dituzte Fanderia parean

  • Ezkerraldea zaharberritu da bio ingeniaritzako tekniken bidez, eta urlehortarrentzako putzu bat sortu da hiri-bilbe betean

Errenteriako Udalak eta URA-Uraren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia — amaitu dute Fanderia auzotik igarotzen den Oiartzun ibaiaren ezkerreko ertzeko 300 metroko tarte baten ingurumena lehengoratzen, eta ertz etzanak eta naturalizatuak egokitu dituzte, ibaiertzeko landaredi autoktonoarekin egonkortuak. Bertan, putzu berri bat, anfibioentzako eta ur-ekosistemei lotutako faunarentzako habitata sortu dute.

Esku-hartzea 2017an Udalarekin lankidetzan hasitako hiri-tartearen berreskuratze naturalerako estrategiaren barruan kokatzen da. Esku hartzeko, ezkerraldea lehengoratzea erabaki da, bio-ingeniaritzako tekniken bidez (krainer-hormak edo elkarri lotutako zurezko egiturak, zeinen zuloetan ibaiertzaren egonkortasuna eta naturaltasuna bultzatzen duten espezie autoktonoak landatzen diren) eta urlehortarrentzako putzu bat industea, hiri-bilbe bete-betean.

Egindako jarduketak garrantzi berezia hartu du, gure ibaiertzetara hurbiltzeko jardunbide egokiaren adibidea den aldetik; eta oso kontraste nabarmena egiten du eskuineko ibaiertzarekin: han harri-lubeta bertikal bat eraiki baitzen lurraldeko bideen beharrak lehenetsiz, ibai-ekosistemaren jarraitutasun ekologikoaren kontserbazioaren kaltetan.

Fanderiako ibaiak lehengoratzeko jarduketak, guztira, 350.000 €-koak izan dira 2017tik.

Errenteriako alkateak azpimarratu du Oiartzun ibaia berreskuratzea Errenteriaren etorkizuna zaintzea dela, biodibertsitatea zaintzea eta herritarren ongizatea eta ibaiaz gozatzeko aukera ahalbidetzea eskutik doazelako. Berreskurapen horretan egin diren askotariko esku hartzeen artean, URA agentziarekin urte luzez gauzatutako elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, “bestela egin ezingo genituzkeen edo ahalegin handiagoa eskatuko luketen onurak dakartzalako, bai Errenteriarentzat, baita eskualdearentzat ere”.

Bestalde, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, Asier López Etxebarriak, «erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, gure hiri-bilbeak egituratzen dituzten eta ingurune naturalak diren ibaiak berreskuratzen lan egiteko. Balio handiko eremuak dira, eta, hain zuzen ere, muga administratiboak ulertzen ez dituztenez, erakundeek elkar ulertzea eta elkarrekin lan egitea eskatzen dute «.

Oiartzun ibaiaren meandroaren ezkerraldea osorik lehengoratzea, Fanderia auzoan

Jarduketa horiek Errenteriak eta URAk Fanderiako Oiartzun ibaiaren ertzaren morfologia eta ingurumena berreskuratzeko 2017tik egiten ari diren lanari gehitu behar zaizkio. Bio-ingeniaritzako lanei esker, ezkerraldea egonkortu egin da —higadura-fenomenoen eraginpean egon baita—, ibaiertzeko basoa berreskuratu da, espezie inbaditzaileak kendu dira, hesiak eta elementuak kendu dira urak har dezakeen eremuan, eta faunarentzako babesleku diren hezegune txikiak sortu dira.

Esku-hartzeak funtsezko hiru helbururi erantzun die:

  • Ibaiaren funtzionaltasun ekologikoa lehengoratzea, ibilgua ibaiertzarekin konektatuz eta ibai-habitata hobetuz.
  • Uholdeen aurreko kalteberatasuna murriztea, ur-goraldien higadura-ahalmena murriztuz, ertza sendotuz eta naturalizatuz.
  • Auzoak jende asko biltzen duen eremua denez, jarduketek eredu didaktikoa eta erreferentziazko esperientzia izan nahi dute antzeko arazoak dituzten beste ibai-tarte batzuetan errepikatzeko.

Tokiko biodibertsitaterako habitat berria

Gainera, urlehortarrentzako putzu txiki bat egokitu da: mikrohabitat txikiak, inguruan dauden espezieen ugalketa-baldintzak hobetzeko. Obretan, putzu (aintziratxoa) bat induskatu da, eta babesleku naturalak sortu dira, inguruan ibilgua mantentzeko lanetatik ateratako egur hilaren bidez.

Euri-uraren eta lurpeko ekarpenen bidez modu naturalean elikatzen da putzua; hartara, ur-lamina iraunkorra eta landare-trantsizioa bermatzen da.  Alegia, apoak, igelak eta beren habitataren aldaketarekiko sentikorrak diren beste narrasti eta anfibio-talde batzuk hartzeko egokia.

URAren eta Errenteriako Udalaren arteko lankidetza

URAren eta Udalaren arteko lan-esparrua 2017an sinatutako lankidetza-hitzarmenak arautzen du. Hitzarmen horrek udalerrian ingurumena lehengoratzeko eta ibilguak mantentzeko lankidetza ezartzen du.

Putzu berri horrekin eta Fanderian meandroan egindako jarduketekin, URA eta Errenteriak  Oiartzun ibaiaren leheneratze ekologikoaren aldeko konpromisoa indartu dute. Horri esker,  Fanderiako ibai-espazio urbanoa biodibertsitaterako, ongizaterako eta bizikidetzarako leku gisa indartu da.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.