Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteiz eta Miñaoko herriaren ondoan kokatuta dagoen Arabako Parke Teknologikoa lotzen dituen bizikleta bidearen lehen zatia jarri du martxan gaur, enpresa polo garrantzitsu horretan lan egiten duten 4.000 pertsona baino gehiagori bizikleta joan-etorriak errazteko. Inauguratutako zatiak 2,3 milioi euroko inbertsioa izan du.
Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak gaur goizean inauguratu dute Arakako base militarraren ondoan hasi eta Arabako Parke Teknologikoraino doan bizikleta bide berri horren 3,3 kilometroko zati nagusia. Urtearen amaieran osatuko da 2,2 kilometro inguruko zatiarekin, Vitoria-Gasteizko Udala une honetan egiten ari den puntu horren eta Gamarrako herriaren artean.
Ramiro Gonzálezek eta Jon Nogalesek bizikleta bidearen balioa azpimarratu dute, helburua baita «enpresa gune honetako 4.000 langile baino gehiago egunero lantokira biriki bizikletaz edo bizikleta elektrikoz joan ahal izatea, segurtasunez eta erosotasunez. Horrela, urrats garrantzitsua egin dugu Arabako hiriburuaren eta parke teknologikoaren artean mugikortasun jasangarria sustatzeko, Foru Aldundiak garraio kolektibo erregularraren eskaintzari ematen dion laguntzaren osagarri».
Nogalesek iragarri duenez, «Datozen urteetan bizikleta bide berriak sustatzen eta eraikitzen jarraituko dugu, bai Vitoria-Gasteizen, bai lurralde historikoko kuadrilletan; izan ere, aurten bertan lizitatuko dugu Arabako Errioxako herri nagusietako bi (Laguardia eta Elciego) lotuko dituen ibilbidea definitzeko proiektua idazteko kontratua».
Vitoria-Gasteiz / Arabako Parke Teknologikoa bizikleta bidea Gamarrako industrialdetik abiatzen da, 5,5 kilometroko luzera du, eta desnibel txikiko ibilbidea eskaintzen du, enpresa eremura sartzeko tarte txikia izan ezik. Gaur martxan jarritako tartea Arakako base militarraren ondoan hasten da, N-240 errepidearekiko paraleloan doa, ezkerraldetik bereizita, Miñaorako norabidean, eta ezkerretara biratzen du parke teknologikora sartzeko.
Ibilbide horrek LED argiztapen adimentsuko sistema bat izango du, errazago erabiltzeko bizikleta bidea argi naturalik gabeko orduetan, urte osoan erabili ahal izateko eta bermatzeko segurtasuna genero ikuspegiaren aldetik. Sistema horrek txirrindularien presentzia detektatzeko sistema bat du, eta, beraz, txirrindulariak igarotzen direnean soilik aktibatzen da, eta, horrela, ahalik eta energia efizientzia handiena lortzen da.
Halaber, bizikletak konpontzeko gune bat du parke teknologikotik gertu, doikuntzak egiteko eta arazo mekanikoak konpontzeko tresnekin.
Bizikleta bideen sarea
Vitoria-Gasteiz / Arabako Parke Teknologikoa bizikleta bidea Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak bultzatzen duen Bizikleta Bideen Sarean sartzen da, bizikleta egunero ikastetxeetara eta lantokietara joan behar izateko herri arteko garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko. Bizikleta bideak bizikleta ibilbide sinpleak dira, gehienez ere hamar kilometrokoak eta ia desnibelik gabeak.
Arabako Bizikleta Bideen Sarea kuadrilla guztien artean banatutako 11 bidez osatuta egongo da, eta Vitoria-Gasteiz / Arabako Parke Teknologikoa bizikleta bidea da mota horretako bigarren ibilbidea. Lehenengoa duela urte batzuetatik dago martxan, eta Arabako Durana eta Arroiabe herriak lotzen ditu; hirugarrenak, berriz, Laguardia eta Elciego herriak lotuko ditu, Arabako Errioxako eskualdean.
Bizikletaren estrategiak bizikleta bide hauek jasotzen ditu:
VC1 – Durana – Arroiabe (badago)
VC2 – Vitoria-Gasteiz – Parke Teknologikoa (lehenengo zatia inauguratu da)
VC3 – Urbina – Legutio
VC4 – Vitoria-Gasteiz – Etxabarri Ibiña
VC5 – Vitoria-Gasteiz – Langraiz Oka
VC6 – Alegría-Dulantzi – Burgelu
VC7 – Amurrio – Murgako industrialdea
VC8 – Ribabellosa – Miranda de Ebro
VC9 – Bastida – Haro
VC10 – Laguardia – Elciego
VC11 – Oyón-Oion – Logroño






























