Arabako Foru Aldundiak kirol egokitua garatzeko eta kirolean inklusioa sustatzeko 2026rako dirulaguntzen deialdia argitaratu du Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) eta 60.000 eurorekin zuzkitu du. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.
Deialdiaren helburua da lurraldeko klubei, kirol federazioei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei ekonomikoki laguntzea, baldin eta kirol egokitura bideratutako programak eta jarduerak egiten badituzte edota kirolaren bidezko inklusioa sustatzen.
Laguntzek 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko enklabean garatzen diren ekimenak finantzatuko dituzte.
Dirulaguntza horien helburua da kirola egiteko aukera izatea eta gizarteratzea erraztea honakoen artean: desgaitasuna duten pertsonek eta zaurgarritasun edo bazterketa egoeran dauden kolektiboak, hala nola, bazterketa sozioekonomikoko egoeran daudenak, etorkinak, errefuxiatuak, gutxiengo etnikoetako kideak edo bazterketa arriskuan dauden kolektiboak.
Kirola funtsezko tresna da gizarte kohesioa, kulturen arteko elkarrizketa eta aukera berdintasuna lortzeko.
Esaterako, hauek bezalako programa eta jarduerek jaso ahal izango dute finantzaketa:
• Kirol jarduera fisikoak eta lehiaketak (federatuak zein federatu gabeak, zenbait salbuespenekin).
• Sentsibilizaziorako ekintzak, jardunaldiak, hitzaldiak edo informazio kanpainak.
• Parte hartzaile berriak erakartzeko ekimenak.
• Kirol egokituari edo inklusiboari lotutako hezkuntza programak.
• Laguntza espezifikoen bidez desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea errazten duten proiektuak.
Teknikarien gastuak, joan-etorriak, kirol materiala, aseguruak edo jarduerak garatzeko beharrezkoak diren antolaketa kostuak ere onartzen dira.
Ondoko hauek eskuratu ditzakete laguntza horiek:
• Arabako kirol klub, elkarte eta federazioek.
• Indarrean dagoen eskola kirolaren kanpainan inskribatutako irabazteko xederik gabeko entitateek.
Erakunde bakoitzak bi eskabide aurkeztu ahal izango ditu gehienez, kirol egokituko proiektuak eta inklusio proiektuak bereizita.
Dirulaguntzak norgehiagoka araubidearen bidez emango dira, puntuen araberako balorazio sisteman oinarrituta. Sistema horrek, besteak beste, proiektuaren aurrekontua, lurralde mailako ezarpena eta erakundeek berdintasunarekin, euskararekin eta inklusioarekin duten konpromisoa hartuko ditu kontuan.






























