800 ikasle GR225a egiten ari dira «Askatasunaren botilak» ibilaldiaren VIII. edizioan

A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra.
F* 2026_05_11
T* Vicepresidenta Ollo. Acto Botellas de la Libertad
L* Fuerte de San Cristóbal, monte Ezkaba.

Nafarroako bederatzi ikastetxetako 800 ikasle –duela 88 urte ihes egindako preso bakoitzeko bana– maiatzaren 6, 7, 11 eta 14an GR-225aren bi zati zeharkatzen ari dira, 1938ko maiatzaren 22an Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekutik ihes egindako presoen urratsak jarraitzen dituen mendi-ibilbidea. ‘Memoria duten Eskolak‘ hezkuntza programan ikasturteari amaiera ematen dion ‘Askatasunaren botilak mendi-martxa’ ekimenaren zortzigarren edizioa da, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Memoriaren Nafar Institutuaren bitartez, antolatutakoa.

GR-225 mendi-ibilbidearen etapetako batean parte hartu nahi duten ikasle kopurua dela eta, aurten bi astetan jarraian antolatu behar izan da ibilaldia. Pasa den astean bi ikastetxe izan ziren GR-225eko lehen eta laugarren etapak egin zituztenak: Lizarra Ikastola eta Mendillorri BHI. Gaur Leitzako Amazabal BHI, Larraintzar DBHI eta Iruñeko Eunate BHI eta Jesuitinas taldeen txanda izan da. Ostegunean, hilak 14, Sorogainetik Urepelera joango dira Iruñeko Eunate BHI, Iturrama BHI eta Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolako ikasleak. Gaurko jardunaldian Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskara kontseilari Ana Ollo izan da parte-hartzaileekin.

Ollo lehendakariordeak ibilbide hori egitea Memoria jarduera bat dela nabarmendu du, etorkizunez beteta dagoela, inork ez dezan berriro basakeria hori errepikatu. «Beti erran dut Memoriaz hitz egitea ez dela iraganaz bakarrik hitz egitea, baizik eta, batez ere, etorkizunaz. Etorkizunean ez beste inorentzat, ez inon, izugarrikeria haiek berriro errepikatuko ez diren etorkizuna. Horregatik, atzera ere begiratu behar da: inoiz gertatu behar ez ziren akats eta izugarrikerien errepikapenak saihesteko. Eta zuek-jarraitu du Ollo lehendakariordeak-, osatzen eta ikasten ari zaretela, etorkizuna zarete eta gizarte justu eta demokratiko baten bermea ere, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta justizia soziala izango dituena zume nagusi, desberdinarekiko errespetua bermatuz».

«Garai asaldatuak bizi ditugu, sozialki eta politikoki, non, sare sozialetako mezuen bidez, ezagutza erraztu beharrean, ideia sinplistak, joera handikoak eta asmo txarrekoak hedatzen diren, gertakari historikoak desitxuratuz ageriko helburu batekin, askotan indarkeria eta gerrak babesten dituztenak. Horren aurrean, zuen irakasleen hezkuntza eta lana, pentsamendu kritiko baten garapena bultzatzen dituztenak, sareen bidez iristen zaigun desinformazioa zalantzan jarri ahal izateko. Hori da bidea», amaitu du Ollok.

Jarraian, ikastetxe parte-hartzaileen ikaslegoak «Askatasunaren Botilak» jaso dituzte, Urepelera joateko ibilaldi osoa laguntzen duen sinboloa, presoen argazkiak eta espetxean egon ziren bitartean haiek eskuz idatzitako gutunak jasotzen dituena. Ibilbidean zehar, Fermin Ezkieta ikertzaileak zeharkatuz joan diren parajeetako ihesari buruzko xehetasun gehiago eman dizkie ikasleei, batez ere atxiloketak eta hilketak izan ziren tokietan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen ataleko Basozainak ere bertan izan dira.

Gaurko etapa Olaben amaituko da, Nafarroako Gobernuak desagertutako eta hildako pertsonak bilatzeko ardura bere gain hartu zuenetik Foru Komunitatean desobiratu den lehen hilobietako batean. Kasu horretan, 2016an, atxilotu eta hurrengo egunean epaiketarik gabe erail zituzten 16 preso iheslariren gorpuzkiak atera zituzten. Horietatik bi bakarrik identifikatu ahal izan dira orain arte: Mendabiako Francisco Lecea; eta Desojoko Maximo Sainz, Gasteizen bizi zena. Nafarroako Memoria Historikoaren Toki honetan, etapa amaitzean, omenaldi ekitaldi xume bat ospatzen da urtero, parte hartzen duten ikastetxeek prestatutako jarduerekin.

Sorogaindik Urepelera

Datorren ostegunean, maiatzak 14, abiatuko da Sorogaindik «Askatasunaren Botilak» martxaren bigarren etapa, GR-225aren azken etapa zeharkatuko duena. Ikasleek San Kristobal gotorlekutik abiatu ziren botilak eramango dituzte Urepelera. Bidearen azken zatian Baxenabarreko Oinarrizko Eskolako haurrekin batera joango dira, Jovino Fernández, ihesaldia arrakastaz burutzea lortu zuen hiru iheslarietako bat iritsi zen herrira arte.

Ibilbidea Jovino Fernández eta Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuko penaletik igaro ziren preso guztiak oroitzeko eskulturaren aurrean amaituko da. Bertan, ikasle parte-hartzaileek Xole Aire Urepeleko alkateari gotorlekutik eramandako askatasunaren botilak emango dizkiote, eta ihes egindako presoen oroimenaren aldeko ekitaldi bat ere egingo da, martxan parte hartu duten ikastetxeetako ikasleen eta Urepeleko eskolako haurren parte-hartzearekin.