Erizaintzak ibilbide profesional osoa hartzen duten proiektuak gidatzen ditu, hala nola langile berrien harrera eta prestakuntza edo horien integrazioa eta gaitasunen eskurapena errazten duten plan egituratuekin. Lan hori gaitasun-analisian oinarritutako prestakuntza-plan batekin eta kudeatzaile hasiberriei emandako laguntzarekin osatzen da, eta ESIaren barruan lidergo klinikoa eta antolaketa-lidergoa indartzen laguntzen du.
Segurtasuna eta kalitate asistentziala berebizikoak dira erizaintza-jardunean. Esparru horretan, profesionalek pazienteen segurtasuna hobetzeko ekimenak bultzatzen dituzte hauen ezarpenari esker: segurtasun-errondak, jardunbide seguruak eta zainketen etengabeko jarraipenak. Bereziki nabarmentzekoa da BPSO (Best Practice Spotlight Organization) proiektuko lidergoa, zeina ebidentzian oinarritutako jardunbide egokiak aplikatzea sustatzen baitu. Horretarako, zainketen bikaintasun-estandartzat hartzen ditu RNAO gidak.
Gure ESIko erizainek ezinbesteko zeregina dute zainketen jarraitutasunean eta konplexutasunean, besteak beste. Behar konplexuak edo bereziak dituzten pertsonen jarraipenaren eta laguntzaren bidez, erizainek arreta orohartzaile eta koordinatua bermatzen dute asistentzia-prozesuan zehar. Lan horren barruan sartzen da paziente kroniko konplexuak, ostomizatuak, diabetikoak, onkologikoaketa zauri kronikoak edo gaixotasun autoimmuneak dituztenak artatzea, baita amagandiko edoskitzea sustatzea ere. Hala, horrek pertsona eta haren familia-ingurunea ardatz dituen arreta indartzea ahalbidetzen du.
Osasunerako eta komunitaterako hezkuntzarekiko konpromisoak pazienteen eta zaintzaileen ahalduntzera bideratutako zenbait ekintza dakartza. Prestakuntza-saioen, Pazienteen Eskolaren eta hainbat jarduera komunitarioren bidez, Erizaintzako Unitateak osasunaren prebentzioan eta sustapenean laguntzen du. Zehazki, alkohol-kontsumoa, sexu-transmisiozko infekzioak edo tabakismoa bezalako gaiak lantzen ditu, eta horrek herritarrak informatuago egotea eta euren osasuna aktiboki zaintzea sustatzen du.
Era berean, gure erakundeko Erizaintza Unitateak jardunbide klinikora bideratutako ikerketa bultzatzen du. Dela institutuetan garatutako ikerketa-lerroetan edo Nursing Research Challenge (NRC) proiektuan parte hartuz, dela biltzarretan txostenak eta komunikazioak aurkeztuz, profesionalek ikerketa hurbiltzen dute eguneroko lan asistentzialera, eta ebidentzian oinarritutako eta gero eta eraginkorragoak eta seguruagoak diren zainketak sustatzen dituzte.
Hizpide dugun Erizaintzaren Munduko Egunean, gure ESIak erizainen konpromisoa, lidergorako gaitasuna eta ezinbesteko ekarpenak aitortu eta eskertu nahi ditu; izan ere, haien eguneroko lana funtsezkoa da pertsonak ardatz dituen osasun-arreta gizatiarra eta kalitatezkoa bermatzeko.






























